Erreka kalea, zirt edo zart

Guaixe 2024ko eka. 6a, 09:00

Erreka kalea San Joan kaletik. ARTXIBOA

Uharte Arakilgo Udalak kaleko sareak eta zorua berritzeko finantzazio bila lau urte eman ditu. Aurten gaiarekin aurrera edo atzera egin nahi du. Lurpean dagoen errekaren kanalizazioak aurrekontua handitu zuen. Bestelako irtenbideak ere aztertu ditu udalak.

Zalantza gehiago, ziurtasunak baino. Horiek dituzte Uharte Arakilgo Udalean Erreka kaleari dagokionean. Herriko Alde Zaharreko kale nagusiko sareak eta zoladura berritzeko lanak egitekoak dira. Udalak lau urte darama hainbat administraziotako ateak jotzen hori lortu ahal izateko. "Aurten aurrera edo atzera egin beharko dugu. Gai hau aurten itxi nahi dugu, heldu den urtean Toki Azpiegitura Planeko dirulaguntza deialdia izanen delako", azaldu du Txomin Uharte Baleztena alkateak. 

Iparraldetik hegoaldera, Erdi Aroko zubitik autobus markesinara, herria ardazten du 325 bat metro luzera duen Erreka kaleak. Kalearen izenak berak adierazten duen moduan, bertatik Itxesi erreka pasatzen da, lurpetik kanalizatuta. "Azaleko" lurperatzea da. Uharte Arakilgo Udalak Erreka kaleko hornikuntza, saneamendu, euri ur eta zerbitzuen kanalizazio sareen eta zoladura berritzeko proiektua egin eta Toki Azpiegitura Planeko dirulaguntza deialdira aurkeztu zuen egitasmoa 2017an. Baita Nafarroako Gobernuak onartu ere, eta Toki Inbertsio Planean 2021etik jasoa dago lan hori. Lanek 860.000 euro inguruko aurrekontua lukete, eta foru administrazioak 609.859,51 euroko dirulaguntza aurreikusia zuen. 

Baina aurrekontua motz gelditu zen hiru arrazoirengatik: pandemia, Ukrainako gerra eta egitasmoan errekaren kanalizazioa kontuan ez hartzeagatik. "Aurrekontua hirukoiztu egin zen. Ezin genuen kalea berritu, errekaren kanalizazio lanak bakarrik 1,2 milioi euroko aurrekontua zuen, kasik kalea berritzea adina", azaldu du Uhartek. "Azken lau urteak irtenbide bat bilatzen ahalegindu gara", azpimarratu du alkateak. 

Egitasmoa eta irtenbidea
Erreka kaleko ur eta saneamendu sareak 60 urte baino gehiago ditu. Ur hodiak mikrozementuzkoak dira eta harguneak berunezkoak. Hainbatetan ur ihesak izaten dira. Egungoen ordez, fundizioko hodiak, suteetarako harguneak eta etxeen parean erregistroak jarri nahi lituzke Uharte Arakilgo Udalak. Saneamendu sarea berritzeko PVCzko hodiak erabiliko lituzkete. Mantentze egokia egiteko putzu gutxi dituenez, gehiago eginen lirateke. Bestetik, euri urak kanalizatutako errekara eramanen lituzkete, bai teilatuetakoa. Argindar, telekomunikazioko eta argiteria publikoko lineak etxeetako fatxadetatik lurpeko kanalizazioetara pasako lirateke.

Errekaren presentziak ez du sareen harguneak kalearen alde batetik bestera pasatzen uzten, eta, geroz, kaleko sareak eta kanalizazioak berritzean bikoiztu egin beharko lirateke, errekaren alde banatan jarriz.

Kalea berritu ahal izateko irtenbide bila, Uharte Arakilgo Udalak beste irtenbide batzuk ere aztertu ditu. Esaterako, Itxesi erreka Itturbidetik bideratzea Arakil ubeldera. Errekako urak iparraldean, zubiaren ondoan, ibaiarekin bat egin beharrean, herriaren mendebaldean eginen lukete bat, aipatu kaletik. Erreka desbideratuta, haren kanalizazio lanik ez litzateke egin beharko eta horrek lanak merkatuko lituzke. 

Aukera hori gauzatu ahal izateko Ebroko Ur Konfederazioak lurpeko errekak izan dezakeen ur emariaren inguruko ikerketa eginarazi zion udalari. Ikerketa horretan hainbat urte tarteetan zein uholde arriskua izan zitekeen kalkulatu, aurreikusi beharra zegoen. Emaitzak eskutan, erreka desbideratzeko aukera legoke. Baina desbideratzea baino lehenago udalak ekaitz tanga moduko bat egin beharko luke. Lurpeko eraikinak dira ekaitz tangak. Errekak emari oso handia lukeenean, uholde arriskua legokeenean, ura han pilatuko litzateke eta pitteka askatzen joanen litzateke. 

Urbanizazioa
Uharte Arakilgo Alde Zaharrean sareak eta zorua berrituko litzatekeen aurreneko kalea litzateke Erreka. Beraz, harako aukeratzen den urbanizazio eredua herriguneko gainontzeko kaleetara zabalduko litzateke etorkizunean. Esaterako, kale guztiak maila berean egon beharko lukeen, koskadun espaloia egin behar den, ibilgailuen aparkalekuak non eta nola jarri… Bestetik, Erreka kalean daude udaletxea, eliza, plaza eta zenbait establezimendu. Hori kontuan izanda, udaletxe eta San Joan plazen artean espazio jarrai bat sortzeko aukera aztertu zuen udalak. Kaleko 60 metro inguruko luzera hartuko luke horrek. Espazio hori kalearen gainontzekotik bereizteko zoruan material desberdina jar zitekeela kontuan izan zuen udalak. 

2021-2023 Tokiko Azpiegitura Planean Uharte Arakilgo Udalak Felipe Gorriti eta Larrainbide kaleetako sarek eta zorua berritzeko eskaera aurkeztu zuen udalak baita ezezkoa jaso ere. Itxesi kaleko hornidura sarea eta kale bereko eta Errekabitarte karrikako sareak bereizteko lanak erreserban gelditu ziren.