Hirugarren mailako areto futbol txapelketan jokatzen duen Aralar Mendi taldearendako despeditu da denboraldia. Ligan hamabi talderen artean zazpigarren sailkatu zen Uharte Arakilgo taldea, eta kopan ikusgarri aritu da, bigarren urtez jarraian Lauko Finalerako sailkatu baitzen, hasierako faseko partida guztiak irabazi eta gero. Tamalez, ekainaren 1ean GCH Garbayo Chivite Cintruenigo taldearen kontra Erriberan jokatutako finalean, oso gutxigatik, baina kopak ihes egin zien, bigarren urtez jarrian.
Hirugarren mailako kopako Lauko Finalean, finalerdietan San Juan izan zenuten aurkari. 4-0 irabazi zenioten, alde handiz.
Konfiantza handiarekin joan ginen Cintruenigora Lauko Finala jokatzera, kopan gure ibilbidea oso ona izan delako. Hasierako faseko partida guztiak irabazi genituen. Bagenekien partida zaila izango zela, San Juan talde ona delako eta asko exijitzen duelako, baina gure aukerak izango genituela. Eta horrela izan zen. Berez, partida estua izan zen, baina ongi hasi ginen, berehala sartu genuen lehen gola. Atsedenaldira 3-0ko errentarekin joan ginen. Bigarren zatian beraiek asko estutu gintuzten. Atezain-jokalari formula erabili zuten bigarren zati ia osoan, kantxan nagusitasuna izateko, eta erasoan hasi ziren. Sufritu genuen, baina gure atezaina ongi aritu zen, gure defentsa ere ona izan zen, ongi kokatuta geunden zelaian, eta azkenean garaipena lortu genuen, 4-0. Oso ongi eutsi genion. Ez zen partida erraza izan, baina partida ona egin genuen, eta guretako izan zen.
Beste finalerdian hiruna berdindu zuten etxeko galdeak, Cintruenigoko GCH Garbayo Chivitek eta Hirugarren mailako liga irabazi duen Kirol Sportek. Penaltietan, etxeko taldeak egin zuen aurrera.
Euren partida ikusi genuen. Cintruenigo 3-1 jarri zen aurretik, baina Kirol Sportek, atezain-jokalariarekin, hiruna berdindu zuen eta finalista penaltietan erabaki zen. Cintruenigo finago aritu zen (4-1).
"Ligan irregular izan gara apirilera arte, baina ordutik aurrera, kopan bereziki, ikusgarri aritu gara"
Finala etxeko taldearen kontra jokatu zenuten, eta jakina da Erriberako zaleek kantxan asko estutzen dutela.
Izugarri. Hein batean, sarekada bat bezalakoa izan zen. Euren etxean jokatu genuen, euren zelaian, eta alde horretatik dena zuten alde; gainera, kiroldegia lepo zegoen eurak animatzen. Gure jarraitzaile batzuk ere joan ziren, baina eurenak ziren nagusi. Eragile horiek guztiek ez ziguten moralki asko baldintzatu, baina beraiei agian plus bat gehiago eman zien horrek. Gure finalaurrekoa ez zen oso gogorra izan, errotazio asko egin genituen eta garaipena lortu; iaz, esaterako, finalera hilda iritsi ginen, baina aurten, alde horretatik, oso ongi heldu ginen. Cintruenigokoek finalerdi gogorragoa izan zuten, baina euren etxean zeuden, bere jendearekin, eta hori eurendako plus bat izan zen.
Nolakoa izan zen finala?
Oso estua. Eurak hasi ziren irabazten, baina bana berdindu genuen eta hala joan ginen atsedenaldira. Sentsazio onak genituen; partida oso gogorra zen, estua, baina gu partidan sartuta egon ginen, nahiz eta giroa kontra izan. Finala oso berdindua izan zen, baina bigarren zatian 2-1 aurreratu ziren; guk berdintzeko aukerak izan genituen, baina ez genuen lortu, eta finala galdu egin genuen. Oso gutxigatik ihes egin zigun kopak, baina aurten berriz ere kale.
Ze pena...
Pena handia eman zigun, oraindik penaz jarraitzen dugu, eta luze jarraituko du. Izan ere, kopa horren gertu ikusten duzunean... eskutan izan genuen. Aurten sekulako kopa txapelketa egin dugu; partida guztiak oso ongi irabazita atera ditugu aurrera, eta taldea oso ongi aritu da. Azken bi hilabeteetan talde guztiei aurre egin diegu, eta gure taldeak ikaragarri lehiatu du. Finala irabazteko moduko partida egin genuen; behintzat, ez galtzekoa. Beraz, pena handia da, hor izan genuelako.
Hirugarren mailan jokatzen duzuen taldeen artean herri txikiena eta klub txikiena zarete, baliabide gutxien duzuen kluba. Beraz, ligari eusteak eta bi urtez jarraian kopako final handira heltzeak meritu handia du.
Kopan ongi aritu gara, baina ligan oso irregularrak izan gara. Nire ustez goian egoteko moduko taldea dugu, ez dakit lehenengo bi edo hiruen artean egoteko, baina bai behintzat euren atzean egoteko modukoa, baina hasieran, bereziki ez ginen batere fin ibili. Bost edo sei partida jarraian galdu genituen, aurreko denboraldian bezala. Izan ere, azken bi denboraldiak oso antzekoak izan dira. Martxora edo apirilera arte ez dugu liga lehiatzea lortu. Etxean partida asko galdu ditugu, kanpoan irabazi ditugu gehiago; hori oso arraroa da gure taldean, Uharten beti indartsu egon garelako, baina aurten ez dugu hori lortu. Egin dugun ligarekin ez gaude oso kontentu, baina gero egin dugun koparekin, ordea, oso pozik gaude.
"Taldekideei eskatu diet taldea zaintzeko, Uharten dugun gauza hoberenetako bat delako"
Behetik gora egin duzue.
Bai, liga ez dugu oso ongi bukatu, ez ditugu sentsazio onak izan. Baina koparekin denboraldiari ginga polita jartzea lortu dugu.
Orain merezitako atsedenaldia hartuko duzue, baina nola aurreikusten duzue datorren denboraldia? Bloke sendoa duzue, baina bajak eta aldaketak aurreikusten dituzue?
Hasteko, nik areto futbola utziko dut. Ekainaren 1eko finala izan zen nire azkeneko partida. Gainontzekoek ziur jarraituko dutela. Bloke sendo bat osatzea lortu dugu, aurten 13-14 fitxa egin ditugu, eta nahiz eta oraindik ez diren hitz egiten hasi, esango nuke %95ean aurrera segiko dutela.
Zergatik hartu duzu taldea uzteko erabakia? Adina, sasoia...
Denetatik pixka bat. 16 urterekin hasi nintzen jokatzen eta orain 32 dauzkat. Lehen nire kuadrillako jende askok jokatzen zuen taldean, eta orain ez du inork jokatzen. Gazte asko daude, liga exigentea da, eta martxa jarraitzea zaila da. Momentuz ez dut nire burua gaizki ikusten, baina nahiago dut orain uztea, ongi nagoela, datorren urtean edo hemendik bi urtera gaizki uztea baino. Hau da, esaten den bezala, nik futbola uztea, futbolak neu uztea baino. Alde horretatik, ongi noa, pozik.
Aralar Mendi areto futbol taldea zure bizia izan da.
Bai, garrantzitsuak ez diren gauzen artean gauza garrantzitsuena izan da (kar-kar). Niretako hori izan da areto futbola, nire bizitza. Zenbat lan areto futbol taldea aurrera ateratzeko, zenbat asteburu handik hona... bizi erdia asteburu guztiak futbolari eskainita. Orain beste gauza batzuk etorriko dira. Kopa hori irabazi ez izanaren arantza horrekin noa, baina pozik.
Zure ibilbidea kopa lortuta agurtzea sekulakoa litzateke.
Bai, baina ezinezkoa izan da. Guk ez dugu inoiz jokatu ligak eta kopak irabazteko asmoz; gure herriarendako jokatu dugu, gure herrian zerbait egoteko eta gure herriko jendeak jokatzeko toki bat izan dezan. Beraz, alde horretatik kontentu gaude lortu dugunarekin. Taldekideei azken entrenamenduan esan nien banindoala, eta eskatu nien taldea zaintzeko, Uharte Arakilen dugun gauza hoberenetariko bat delako. Ez da nahikoa baloratzen, eta behar bezala zaindu behar da.
Etorkizun batean zure burua taldea entrenatzen ikusten al duzu?
Ziurrenik guztiz ezingo dut utzi; tarteka entrenatzera joango naiz, eta saiatuko naiz taldetik gertu egoten, taldea animatzera Larrebieta frontoira joaten, tarteka Iruñera joaten, baina entrenatzaile gisa momentu honetan ez naiz ikusten. Orain asteburuak aprobetxatu nahi ditut pixka bat, baina gero ikusiko dugu.