Uharte Arakilgo Udalak heldu beharreko gaia da Geltoki eta Zerradoa kaleak. "Garai batean NA-2410 errepidea ziren. Nafarroako Gobernuak inongo hitzarmenik egin gabe zeharbidea zena kale bihurtu zuen", azaldu du Txomin Uharte Baleztena alkateak. Hau da, Nafarroako Gobernuak errepidea udalaren esku utzi zuen ezer esan gabe. Herrian dagoen 770 metroko luzera duen errepide zatia da. "Ez dago espaloirik eta Zerradoa auzora joatea arriskutsua da oinezko eta txirrindulariendako, autobusak eta kamioiak bertatik pasatzen baitira", azaldu du alkateak. Jakinarazi duenez "gaiari heldu eta Nafarroako Gobernuarekin horretaz hitz egin nahi dugu, hurrengo Toki Azpiegitura Planaren aurretik baino lehen hitz egin nahi dugu".
Horretaz aparte, alkateak jakinarazi du udalak basolanak egiteko pertsona bat kontratatu duela. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bidez beste pertsona bat kontratatuko du eta hirugarren kontratazioa egiterik izanen den aztertzen ari dira.