Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak Aralarko Aingeruari Haurren Aurkezpena antolatu zuen garagarrilaren 30ean, igandearekin. Santutegiko kaperau berriak, Alfonso Garziandia Goñik, estreinakoz gidatu zuen ekitaldia. Meza nagusiaren akaberan egin zen umeen aurkezpena eta Aralarko aingeruaren irudia gurtzean oinarritu zen. Haurrak guraso, anai-arreba eta aiton-amonez lagunduta egon ziren ekitaldian. Guztira 25 izan ziren parte hartu zutenak, hiru aste eta 70 urte bitartekoak denak.
Haietatik hogeik aldez aurretik izena eman zutenez, etxera pergamino batekin bueltatu ziren. Haietan adierazten da ume bakoitza Aralarko aingeruaren laguna dela, eta haren bizi guztirako babesa eskatu duela. Zuzenean aurkezpenera aurkeztu ziren gainontzeko haurrek pergaminoak aurrerago jaso beharko dituzte santutegian bertan.
Aingeruari Haurren Aurkezpenarekin Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak txikien eta Aralarko santutegiaren arteko lotura estutu egin nahi du. Hemeretzigarren aldiz antolatu dute aurkezpena. Normalean, Iruñeko festen ondorengo asteburuan izaten da aurkezpena, baina aurten sanferminek bi asteburu hartzean eta, ondoren, jendea oporretara doanez, kofradiak aurreratzea erabaki zuen.