San Migelgo Toki eta Bideen Europako Sarea Uharten batzartuko da

Guaixe 2024ko uzt. 5a, 09:35

Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiaren batzarra. KOFRADIA

Heldu den urteko udaberri akaberan izanen da, Aralarko santutegian eta Zamartzen. 

Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiaren aurtengo batzarrean aparteko tokia izan zuen San Miguelgo Toki eta Bideen Europako Sarearen martxa. Kofradiako lehendakari Jose Mari Ustarroz Razkinek jakinarazi zuenez, "sareak Italiako Monte Garganon egin zuen Urteko Bilera Orokorra maiatzean. Han erabaki zen 2025eko bilera Aralarren eta Zamartzen egitea. Bi egun iraunen ditu eta maiatzeko bigarren hamabostaldian edo garagartzaroaren lehen hamabostaldian izanen da". Data zehatza lastailean jakinaraziko dutela aurreratu zuen. 

Kofradia Europako elkarte horretako kide 2012az geroztik da, eta erakundeko lehendakariordeetako bat Ustarroz da. Aipatu sarean helburuetako bat da oinezkoen bideak zaindu, eta joaten diren bisitari eta erromesei haiek ezagutaraztea. Horren harira Sakanatik Aralarko santutegira doan bide zaharra mantentzea eta behar bezala seinaleztatzea beharrezko jo zuten. Azken horretarako seinaleak jarriz eta QR bidez zalantzarik gabeko ibilaldia egiteko aukera emateko. 

Jubileoa eta beste
Bilkura berean Alfonso Garziandia Goñi kaperauak jakinarazi zuen 2025a urte jubilarra izanen dela Aralarko santutegian. Urtea hastearekin batera abiaraziko den jubileoa santutegira doanak nola jaso aurrerago jakinaraziko dute. Garziandiak kofradiako kideei santutegian martxan diren proiektuen berri eman zien. Ostatua berritu eta zabaltzeko eta zenbait konponketa egiteko finantziazio bila ari dela jakinarazi zuen. 

Bestalde, bileran zeuden guztiek ikusi zuten santutegirako sarrerako pasabidearen ezkerraldean egindako azken lana: harrera, argibideak eskaintzeko, komunak eta oroigarrien salmenta postua. Guztia egunero zabaltzen da.

Bilkuraz
Kofradiako kideak santutegian elkartu ziren garagartzaroaren 16an. Lurralde guztietako kideak bildu ziren santutegian eta mezan hura bete zuten. Garziandiak batetik kofradiaren asmoak ongi atera daitezen otoi egin zuen. Eta, bestetik, modu berezian gogoan izan zituen azken urtean hildako kofradeak.

Elizkizunaren ondoren, kofradeek Deierri etxeko bilera gelan urteko batzar orokorra egin zuten. Hartan joan zen urteko ekinaldien berri eman zuen zuzendaritzak, diru kontuak argituz eta kofradeen alten eta, modu berezian, urtean hildako kofradeen berri emanez. Jose Mari Ustarroz Razkin lehendakariak esan zuenez, "bazkideen zerrendaren norabidea ikusita, bildutako guziei eskatzen dizuegu kofrade berriak egiten saiatzeko, kofradia berritzeko eta handitzeko". Aldi berean, kofradiak hitz eman zuen "santutegira hurbiltzen diren sinestun eta bisitariei ahalik eta harrera onena egin eta egoitzak ongi mantentzen" saiatuko dela. 

Kofradeek jakin zuten bezperan Zaragozako San Miguel de los Navarros parrokiatik talde handi bat etorri zela Aralarrera. "Hala gure kofradiak pasa den urtean egin zien bisita bueltatu dute". Batzar orokorra despedituta, kofradeek anaitasunezko bazkariarekin borobildu zuten eguna.