Uharte Arakilgo Udalak herri basotik etxeko surako baso aprobetxamenduak banatu ditu herritarren artean. Ubertear batzuek beharrezko makineria eta tresneria dutenez, haiek beraiek arduratzen dira zuhaitzak mozteaz, txehetzeaz eta ondoren herrira eramateaz. Tresneria eta ibilgailu egokirik ez dutenendako udalak basogintzan aditua den enpresa baten zerbitzuak kontratatzen ditu. Hark egur loteak eskatzaileak adierazitako tokiraino eramaten dio, dela etxea, dela borda.
Uharte Arakilgo Udalak gaztigatu duenez, basogintzako enpresa atzo hasi zen lanean. Beraz, egur lotea etxeratzea eskatu dutenei egurra uzteko toki aproposa prestatzeko eskatu die. Baita telefono mugikorra eskura izatea ere.