Udalak aterpeko lanen lehen fasea eman nahi ditu

Guaixe 2024ko uzt. 29a, 11:11

Lanen lehen fasean botako den eraikina. UDALA

Itxesian egonen da. Oraingo eraikina botatzeko lanak dira eman nahi dituenak. Aterpea eraikitzeko beste bi lan gehiago eginen dira. Guztira 675.000 euroko aurrekontua izanen dute lanek. 

Uharte Arakilgo Udalak Itxesi auzoan duen kirol gunea du. Futbol zelaiaren eta igerilekuen artean L formako eraikina du. Hura bota eta eraikin berri bat jasoko du udalak. Eraikin horretan gaur egun igerilekuetako biltegi, estalpea, botikin eta arazketa-instalazioak hartzen ditu. Etorkizuneko eraikinak egungo erabilera horiek mantenduko ditu, baina modu koherenteagoan, efizienteagoan eta ordenatuagoan. Horretaz aparte, turismo aterpe bat ere hartuko du, zikloturistei eta erromesei zuzendutakoa. 

Eraikin horretako lanak hainbat fasetan eginen ditu Uharte Arakilgo Udalak. Aurrenekoan gaur egun dagoen eraikina botatzea eta 0 kotaraino eraikitzea aurreikusi du. Hau da, eraikin berriaren zimenduak eta lurperatutako instalazioak egitea. Eraitsiko den eraikinak 450 m2-ko azalera du. Lanek 133.852,56 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Udalak Nafarroako Gobernutik lan horietarako zuzenean 90.000 euro jasoko ditu, EH Bilduk foru aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa bati esker. Lan horretan interesa duen enpresak bere eskaintza agorrilaren 2ko 14:00ak arte aurkez dezake. Lanak lastailaren 20rako despedituta egon beharko dute. 

Faseak eta aterpea
Beste bi fase izanen ditu aterpea eraikitzeko lanak. Bigarrenean fasean eraikina jasoko da. Horretarako Uharte Arakilgo Udalak Europako Next Generation funtseko Turismo Jasangarritasunerako Planeko dirulaguntza lortu du Cederna-Garalurren bidez. Lanen azken fasea eraikina janztea izanen da. Horretarako ere udala dirulaguntza bila ari da. Lanek, guztira, 675.000 euroko aurrekontua izanen dute. 

Itxesiko aterpeak dozena bat plaza izanen ditu, hiru gelatan banatuta. Gela bakoitzean lau pertsonendako literak egonen dira. Haietako bat egokitua izan beharko du eta komuna pribatua izanen du. Beste bi geletakoek komuna partekatu beharko dute. Logelez aparte, eraikinak harrera, ekipai gela, office txiki bat eta erabilera anitzeko gela izanen ditu.