Begoña Urdiain Arraiza Bruselan jaio eta bertan bizi da, baina berak uharteartzat du bere burua. “Kuadrillakoek esaten didate, guztien artean uhartearrena ni neu naizela” dio, irribarrez. Gurasoak sakandarrak ditu. Aita ziordiarra, Benjamin Urdiain sukaldari famatua zenaren anaia, eta ama uharte arakildarra. “Lehendabizi ama etorri zen Belgikara lan egitera, 18 urte zituela, eta gero aita etorri zen. Euren ideia urte batzuk pasata Sakanara itzultzea zen, baina lau anai-arrebek Belgikan ikasi genuen eta bizitza bertan egin dugu, Maite ahizpak izan ezik. 22 urterekin Uhartera itzuli zen, Jose Manuel Gorriti ezagutu, eta bertan bizi dira” kontatu du Begoña Urdiainek. Alberto eta Sonia dira beste anai-arrebak.
Belgikan bizi, baina urtero-urtero, familia oporrak pasatzera Uharte Arakilera etortzen zen, eta Sakanarekiko loturak beti irmo iraun du. “Urte guztietan joan gara, baina guztietan, e? Txikitan uztailean joaten ginen oporrak pasatzera. Gaztea nintzela, bertako norbaitekin maitemindu, eta Uhartera bizitzera joango nintzela esaten nuen, baina, azkenean, Belgikan ezkondu nintzen; egun, banatuta nago”. Gurasoak Uharte Arakilen bizi dira orain, eta, jubilatzerakoan, asmo bera du Begoñak. “Txuma Gorritik esaten dit etorkizunean jubilatuen elkarteko presidente ikusten nauela” (kar-kar). Duela bi urte pisu bat erosi zuen Uharten, ilusio handiz berritzen ari dena.
“Iaz lehenengo aldiz igo nintzen Beriainera. Egin beharrekoen zerrendan nuen puntuetako bat zen”
Begoña Urdiainek goi-karguetan lan egin izan du beti. 25 urte baino gehiago Walt Disney, Hello Kitty, Minions eta bestelako marka ofizialen lizentziadun produktuak Belgikan, Alemanian, Frantzian eta bestelako herrialdeetan komertzializatzeko produkzio arduraduna izan zen. “Komertzialek dendetako eskariak ekartzen zizkidaten eta nik produktuen produkzioa antolatzen nuen: produktu horiek ekoizteko lantegiak bilatu, Txinako produkzioaren segimendua egin... Asko bidaiatzen nuen: India, Bangladesh, Txina...”. 8 urte inguru daramatza apustuen enpresa batetako erosketen arduradun izaten. “Enpresak ia 300 lokal ditu, baina ni bulego nagusietan nago, eta erosketa departamenduko burua naiz”. Horregatik, Uhartera etortzea “pilak kargatzea” da.
“Atseden hartu nahi badut, ongi egon, eta bizitzaz eta naturaz gozatu... Uharte Arakilera. Balantzan New Yorkera edo Uharte Arakilera joatea eskura jartzen badidazu, nik Uhartekoa hartuko dut”.
“Kuadrillakoek esaten didate, guztien artean uhartearrena ni neu naizela”
Aurten abuztuaren 2rako Uharten egotea espero du. “Iristen naizenean, egiten dudan lehen gauza, atera eta kalimotxo bat hartzea da. Bruselan kalimotxoa nola prestatu azaltzen diet, baina ez du zapore berdina, inondik inora. Eta ondoren Marisolenera hanburgesa bat jatera joatea. Ordena horretan” (kar-kar). Gurasoekin egunero egoten da tarte bat, eta Lakuntza eta Ziordiko familia ere bisitatzen ditu, baina, beti, lagunengana. “Kuadrilla ezinbestekoa da niretako”.
Mendia, gozamena
Mendira joatea oso gustuko du, eta hemen gozamena du. “Joan zen urtean lehenengoz igo nintzen Beriainera, Mikelekin eta Ixonerekin. Hori zen egin beharrekoen zerrendan nuen puntuetako bat”. Bertako ingurunea oso gustuko ditu, “baina herriko giroa, bertako kultura eta mentalitatea da gehien baloratzen dudana: Sakanako bizimodua. Herrian jendea agurtzen duzu, kafea hartzera gustura zoaz, zerbait behar baduzu aldamenekoarengana jotzen duzu.. Brusela hiri handia da, eta ez dago halakorik. Bakoitza berera doa”.
Bruselara itzuli behar duenean, “egun tristeak” izaten dira Begorendako. “Txistorra, gazta eta Facundo pipak eramaten ditut, eta Bruselan, dastatzerakoan, nolabait herrian nagoela sentitzen dut”. Orain hilabete luzea du aurretik herriaz gozatzeko, eta baita Gabonetako hamar egunak ere. “Datorren urtean San Juan festetara joango naiz, ez dut aitzakiarik”.