Artzai Egunak Nafarroako artzain berriak omenduko ditu

Guaixe 2024ko abu. 1a, 13:53

2023. Artzai Eguna. ARTXIBOA

Abuztuaren 25ean, igandea, izanen da Aralar Mendi Elkarteak antolatzen duen Uharte Arakilgo Artzai Eguna. Aurten 56. edizioa izanen da.

Abuztuko azken igandean, abuztuaren 25ean, "urtero bezala", Artzai Eguna ospatuko dute Uharte Arakilen. Artzaintzaren festa Aralar Mendi elkarteak antolatzen du, eta aurten 56. edizioa izanen da. Artzai Egunaren helburuak artzainak omentzea, haiek sortutako produktuak bultzatzea eta euren lanaren garrantzia aldarrikatzea direla esan dute antolakuntzatik. Aurten artzain berriak izanen dira protagonistak, haiek izanen baitira 2024ko Artzai Eguneko omenduak: "Eurak dira sektorearen etorkizuna eta omenaldi honekin artzaintza alternatiba bezala proiektatu nahi dugu gure herrien biziraupenerako".

Artzai berriei egindako gonbidapena eta omenaldia ez ezik, 56. Artzai Egunean beste bi emanaldi eginen dituztela aurreratu dute antolakuntzatik: "Urtean zehar gure euskaldean albaitari lanetan aritu den Santos Goñi Larraya albaitariari egindako lana aitortzeko eta Atxen Jimenez Eskirozi (In Memoriam) Tafallako Tubal jatetxearen burua izandakoari artzai egunean epaile lanetan aritu izanagatik".

Egunean zehar artzantzarekin lotutako hainbat ekimen izanen dira abuztuaren 25ean Uharte Arakilen. Festa jasangarriagoa egiteko aurreko urtean hasitako "bidetik" jarraituko dutela esan dute antolatzaileek. Artzai Eguna Nafarroako interes turistikoko festa izendatuta dago, Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du eta Reyno Gourmetek babesten du.

Uharte Arakilgo 56. Artzai Egunaren egitaraua

Abuztuak 25 igandea

10:00 Irekiera ekitaldia eta epaimahaiaren osaketa

10:30 – 13:30 Nafarroako ardi latxen erakusketa eta esne gordinaren XXXIX. lehiaketa.
Latxa arrazako aziendaren estatuko XIX. lehiaketa.

10:30 – 14:30 Nafarroako ardi latxen esne gordinarekin egindako XLIII. gazta lehiaketa.
Gazta feria.
Artisautza feria.

11:00 – 13:00 XXXV. Ardi moztaileen txapelketa.

11:00 – 14:00 Artzain txakurren XXX. erakusketa.

11:30 Artaldea herritik pasatzea.

11:45 Ardiki dastaketa.
Gazta freskoaren dastaketa.

13:00 Omenaldia: Artzain berriak, Santos Goñi Larraya albaitaria eta Atxe Jimenez Eskiroz (In Memorian) Tafallako Tubal Jatetxearen burua eta artzai egunean epaile izandakoa.

13:30 Lehiaketaren sari banaketa.
Gazta irabazlearen enkantea.

14:30 Herri bazkaria

17:00 Nafarroako artzain txakur LVI txapelketa: Oñatiko Nazioarteko Txapelketan zein Euskal Herrikotan sailkatzeko baligarria.