Udalak seinaleak errespetatzeko deia egin du

Guaixe 2024ko ira. 6a, 11:34

Uharte Arakilgo Atetoki dermioko bidea, uzta makina eta baserria.

Agorrileko azken egunetan hainbat seinale hondatuta agertu dira.

Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, "herriko hainbat seinale izorratu eta suntsitu dituzte agorrileko azken egunetan. Bortizkeria eta suntsiketa jasangaitzak direla ulertuz", Uharte Arakilgo Udalak epaitegian salaketa jarriko du. Aldi berean, udalak "eskertuko luke norbaitek zerbait ikusi badu udaletxean jakinaraztea". 

Udaletik azaldu dutenez, "herritarrendako kostua izan duten elementuak suntsitzeak denon dirua xahutzea dakar. Gainera, herriaren irudia eta herritarren arteko bizikidetza kaltetzen duten ekintza eta jarrerak dira". Uharte Arakilgo Udalak gaineratu duenez, "seinaleek babestutako eremuak izendatzen dituzte, beraz, seinaleek natura eta ondare aberastasuna babesteko funtzioa dute. Besteak beste, duela gutxi zaharberritu diren pisten kontserbazioa bermatzeko diseinatu diren seinaleak dira" kaltetuetako batzuk.