1. Zergatik eskatzen duzu epaitza?
Beheko sua dut etxean, eta oso gustuko dut egurraren berotasun eta goxotasun hori. Horregatik eskatzen dut egur lotea. Sei tonako epaitzak dira.
2. Basora lotea moztera joaten zara?
Ez. Aurretik txikitutako egurra erosten nuen, eta bordan sartzen genuen. Eta hemendik bajerara eramaten genuen. Beti izan dugu lotea eskatzeko aukera, baina erreminta behar zen eta ni ez nintzen ausartzen. Motozerrei eta errespetu handia diet. Traktorea behar duzu, egurra jaisteko gurdia... Han istripuren bat izan dezakezu. Horren beldur nintzen eta, horregatik, ez nintzen animatzen. Horregatik erosoenera jotzen nuen: egurra erosi eta etxera ekarri. Duela bost urte hasi zen udala zerbitzua eskaintzen: epaitzako enborrak etxera ekartzea. Gustatu zitzaidan eta eskatu nuen. Probatu nuen eta oso ongi. Gainera, lekua daukagu epaitza utzi eta lasai-lasai mozteko.
3. Beraz, udalak eskainitako aukera baliatu duzu?
Bai. Enborrak zuk nahi duzun tokira jaisten dizkizute. Enpresako kamioi gidariari non uztea nahi duzun eta kitto. Bordara ekartzeko eskatu nuen. Eta hor egurra egitea oso erosoa da. Ongi jarrita, motozerrarekin lan egin dezakezu. Eta ondoren, txikitu.
4. Udala zergatik hasi zen loteak etxera eramateko eskaintza egiten?
Ez dakit ziur. Uste dut arriskua zegoela ikusten zutela, istripuren bat gerta zitekeela. Gero tresneria behar da, eta gero eta jende gutxiagok eskatuko zuela pentsatzen dut. Beheraka zihoala uste dut, eta epaitza guztiak eman gabe geldituko zirela. Eta basora epaitza egitera joaten zirenak adinean aurrera doaz eta, nik uste, uzten ari direla, edo beste era honetara egiten dute epaitza.
5. Ubertearrek zerbitzua erabiltzen dute?
Bai. Zerbitzu horrekin nahikoa jendek eman du izena eta, horrela, gure basoko egurra ustiatzen dugu. Udalak apirila aldera jakinarazten du epaitzak eskatzeko garaia zabalik dagoela. Eskatu beharra duzu. Etxean beheko sua dutenek eskatzen dute. Geroz eta gehiago.
6. Asko kostatzen zaie epaitza ekartzea?
Aurten nahiko ongi ibili dira. Joan zen urtean ez dakit zer gertatu zen, baina berandu ekarri zuten. Nik iraila erdialdean jaso nuen epaitza. Berandu zen, euria... Udan hobe egiten duzu. Nik behintzat! Aurten gainera haritza jaitsi dute. Baina ez dut txikitzeko presarik, joan den urteko pagoa baitut, eta lasai-lasai nabil.
7. Aizkolari lanak?
Motozerraz enborrak zatitan moztu eta ondoren txikitu. Egurra txikitzeko lehen borraziria erabiltzen nuen, lau bat kiloko pisua du. Aurten finlandiar aizkora erosi dut, eta horrekin ere oso gustura nabil. Jendea trontzagailu mekanikoekin ibiltzen da egurra txikitzen. Nahikoa gaztea naizenez, nahiago dut aizkorarekin aritzea. Etortzen naiz eta bi orduz ariketa egiten dut... Txikitan, amonarekin-eta, egurra egiten genuen. Eta ariketa fisikoa gustatzen zait, eta oso gustura etortzen naiz egurra txikitzera. Ez dakit zenbat kostatzen zaidan, sei egunetan-edo eginen dut. Ixone, neskalaguna, laguntzera etortzen da. Txikitu ondoren kanpoan ongi lehortzen utzi eta berak bordara sartzen du.
8. Aurretik erosi. Orain epaitza. Diru aldetik aldea dago?
Bai, handia. Epaitzak sei tona ditu. Egur txikitu kopuru horrek 1.000 edo 1.200 euro balioko du urteko. Egur kopuru hori gastatzen dugu. Epaitzagatik 280 euro inguru ordaindu ditut. Gero kontuan hartu behar da motozerra erosi duzula. Baina hori bost urtetan amortizatu duzu.
9. Pagoa eta haritza dituzu. Zer nahiago sutarako?
Niri konbinazioa ongi suertatzen zait. Pagoarekin sua egiten duzu, baina gero gauean haritz pixka bat sartu eta oso ongi eusten dio. Biak izatea oso ongi dago. Hala ere, nahiago dut pagoa.
10. Beheko suarekin etxea berotzen duzue?
Bai. Istripua izan eta 2016an etxea erre zitzaigun. Behean taberna dago. Goian solairu bat eta zerbait gehiago. Dena kiskali zen. Orain beroa ematen duen tximinia jarri dugu eta harekin taberna eta etxea berotzen ditugu. Horrekin oso gustura gaude.
11. Beste erregai batzuk erabiltzen dituzten sistemekin alderatuta, zer du egurrarekin egindako suak?
Guk gasolioa edo egurra erabiltzeko aukera dugu. Nik nahiago dut egurraren beroak ematen duen goxotasuna. Gainera, garrak begira lelotuta gelditzen zara. Beroa oso desberdina da, nik egurraren goxotasun hori gustuko dut. Gainera, beheko sua labe gisa erabiltzen dut, esaterako, lupia edo txuletaren bat sartu eta han egiten dut.