Astekaria

Iritsi da azkenean turbina martxan jartzeko baimena

Guaixe 2024ko urr. 10a, 09:00

Mendizale parea turbina dagoen etxolaren ondotik pasatzen. ARTXIBOA

Turbina jartzeko lanak aspaldi eginak zeuden, hura argindar sarera lotzeko baimena jasotzea izugarri luzatu da. Udalak energia mendekotasuna saihesteko hartutako neurria da eta bide horretan pausoak ematen segi nahi du.

Argindarra sortzeko, Uharte Arakilgo Udalak ur biltegian turbina eta eguzki plakak jarri zituen. Haiek sarera konektatu eta argindarra sortzeko Iberdrolaren baimena irailaren 30ean, astelehenean, jaso zuen. Jakina, udalak berehala eman dio energia azpiegiturak martxan jartzeko kixketari. "Luze joan da, baina poz-pozik" zegoen Txomin Uharte Baleztena alkatea jasotako albistearekin. Izan ere, lanak duela 21 hilabete despeditu zituzten eta bitarte horretan udalak baimenak lortzeko lanean ibili da. "Partekatutako kontsumoa duten turbinen instalazioekin hori pasatzen ari da", jakinarazi du.

Turbinak eta eguzki plakek sortutako elektrizitatea autobiatik hegoaldera dauden kaleetako argiteria publikoan, igerilekuan, Itxesi taberna-jatetxean eta udalak Errekabitarte kalean duen eraikinean erabiliko da. Udalak energia kontsumo gehiago dituenez, energia burujabetzaren bidean pauso gehiago eman nahi ditu. Horretarako, eskura dituen baliabideak erabili nahi ditu. Bide horretan udalaren hurrengo neurria da eskolan biomasa galdara eta ikastetxeko teilatuan eguzki plakak jartzea. 

Azpiegituraz
Ganbeletako iturburutik heldu den goi hornidurako hodian bertan argindarra sortzeko mikroturbina jarri da Itsasgainen, ur biltegiaren ondoan eraikitako etxola batean. Urak 220 metroko desnibela jaisten du. Halakoetan uraren presioa erredukzio balbulen bidez txikitzen da, baina ubertearrek mantentzea erabaki zuten, argindarra sortzeko. Segundoko zortzi litroko emaria du iturburuak. Ur biltegiaren gainean eguzki plakak daude. Bata eta bestearen artean guztira 24 KW sortzeko potentzia du, 13 KW turbinaren bidez eta 11 KW eguzki plaken bidez. Urtean 103.500 kW orduko sortzeko ahalmena du instalazioak, eta gau eta egun egonen da elektrizitatea sortzen. 

Lanek 136.330 euroko aurrekontua izan zuten. Hori finantzatzeko Uharte Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuaren 2022ko aurrekontutik 85.000 euro jaso zituen, EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat onartu baitzen. Udalaren kalkuluen arabera, urtean 21.000 euro inguru aurreztuko ditu. Beraz, inbertsioa sei urtean amortizatuko du, bitan udalak jarritako dirua kontuan hartzen bada. 

Bestetik, udalak Errekabitarte kalean duen eraikinera sartzeko arkitektura oztopoak kendu eta arranpa egin du. Gainera podologoaren kontsulta egokitzeko lanak egin ditu. "Asmoa da poliki-poliki auzolan eta obra txikien bidez eraikin hori berritzea: komuna, instalazioak, gainontzeko gelak. Erabilera anitzeko leku bat izanen da: gimnasia egiteko, gazteei leku bat emateko... Correos han dago, goiko pisuak erabilera du", jakinarazi du Uhartek.