Aurreiritzien kontrako kontakizunak sarituta

Guaixe 2024ko urr. 8a, 09:00

Lehiaketan saritutakoak.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartea kulturartekotasun zerbitzuak antolatutako lehiaketaren bosgarren edizioan saritutako lanak liburuxka batean argitaratu dira. Horiek ikastetxe eta liburutegietan eskuragai egonen dira. Antolatzaileek horiek irakurtzeko gonbidapena egin dute.

Uharte Arakilgo udaletxeko safeiak edo goiko ganbarak Zurrumurruen kontrako ipuin lehiaketako sari banaketa hartu zuen. Lehiaketaren bidez elkarbizitzari modu ezkorrean eragiten dieten jatorri anitzeko pertsonen inguruko zurrumurru eta estereotipo ezkorrei aurre egin nahi zaie. Horiei kontrajarri nahi die kulturartekotasuna eta kohesio soziala, bazterkeriaren kontrako jarduna, baita arrazakeria eta xenofobiaren kontra jardungo duten pertsona eta entitate konprometituak sortzea eta sendotzea ere. 

Horiek guztiak izan zituen epaimahaiak kontuak sariak ematerakoan. Egiteko horretan Zurrumurruen Kontrako Nafarroako Sareko, Zaskako, kideak izan ziren.  Haietako bat Xabier Jauregi De Carlos izan zen. Adierazi duenez, "oso ipuin politak dira eta, egia esan, irakurtzera gonbidatzen zaituztet". Jauregik gaineratu duenez, narrazioek "aniztasuna beste modu batera erakusten dute. Horrek eragiten du aniztasunarekin harremana izatea, beldurrik ez izatea eta gure aurreiritziak aldatzea. Hori liburuxkan azaldu dute". Lehiaketarako hamazazpi lan onartu zituzten, beste batzuk epez kanpo aurkeztu edo baldintzak betetzen ez zituztelako baztertu zituzten. 

Sari banaketan Begoña Zestau Baraibar zerbitzuko gizarte hezitzaileak, Uharte Arakilgo alkate Txomin Uharte Baleztena, Anitzartean batzordeko presidente Naroa Anso Iriarte eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteko kide Sergio Goikoetxea Berjera izan ziren. Irabazleek elkarteko establezimendutan gastatzeko diru txartela eskuratu zuten. Haiek gastatzeko azaroaren 30era arteko epea dute. Gainera, saritutako ipuinak jasotzen dituen liburuxka jaso zuten. 


Sarituak

Euskaraz

Egilea / Izenburua

16 urtetik behera
1. Tania Otero Madinabeitia. Betirako zauriak
2. San Migel eskolako LHko 1. eta 2. maila. Bero zegoen giroa, oso bero

16 urtetik gora
1. Aiora Larraza Salinas. 2.000 erle espezie
2. Ane Miren Iruretagoiena. Neure buruari botatakoak
3. Iñigo Herrero Rioja. Zarra-zarra

Gaztelaniaz

16 urtetik behera
1. Ayman Missaoui Oulalit. Michael
2. Oussama Missaoui Oulalit. Amari
3. Liman Haddadi Bourzik. Anna

16 urtetik gora
1. Nekane Vilariño.  Un mundo de colores y de sabores
2. Mª Jose Cordoba Garcia. La extranjera
3. Izaskun Salinas Burillo. Del aleteo de una mariposa a la invención del ajedrez