Agiriko eliza auzolanean txukundu dute

Guaixe 2024ko urr. 15a, 09:00

Ubertearrak Agirin auzolanean. UTZITAKOA

Egonkortze lanak egin eta gero utzita zegoen herriko arkeologia ondarea txukun utzi zuten. Horrekin batera, eliza zenaren inguruan hesia jarri zuten. Langintza horretarako goiz bat behar izan zuten.

Aralar magalean dagoen Agiri despopulatuko elizan arkeologia indusketa egiten hasi ziren 2012an. Hartan lanean aritu ziren jubilatu ubertearrak, Zizur Nagusiko institutuan historia irakasle eta Ezpilleta elkarteko kide den Pedro Arreseren zuzendaritzapean. Arkeologia indusketen ondoren, eliza hartu zuen eraikineko paretak egonkortzeko lanak hasi zituzten ubertearrek. Azken urtez 2019an izan zen, pandemiarekin guztia eten baitzen. Ordutik despopulatuko eraikina utzita zegoen. Harik eta hogei bat ubertear larunbatean joan ziren arte. Guztiak ere Uharte Arakilgo Udalak eta Uharteko Ondare taldeak egindako deialdiari erantzun zioten. 

Egiteko zeuden lanetako batzuk egin zituzten larunbatean. Auzolanean aritu zirenak eliza zenaren barruan zeuden hostoak eta adarrak kendu zituzten. Gainera, zutik geratzen diren paretetako harrien artean sortu ziren landareak ere kendu zituzten, paretak garbi utziz. Elizaren perimetroa txukundu zuten, sasiak eta hostoak kenduz. Egitekoak despeditzeko, elizaren inguruan hesi bat jarri zuten, goiko partetik jendea eta animaliak bertara eror ez daitezken, eta azienda eta piztiak bertara sartzea eragozteko. Atea zenaren parean ere hesitxo bat jarri zuten. 

Maldasega, borra, burruntxarrie edo aritto, erratza, pala edo eskuekin lan egiten aritu zirenendako udalak gosaria jarri zuen. Eliza zena txukun utzi ondoren, goiza han eman eta gero, herrira bueltatu ziren ubertearrak. Udala eta Ondare taldea elkarlanean segituko dute, eta asmoa da Agirira urtean behin joatea. Lana egiteko beharrezko materiala eta hamaiketakoa udalaren kontu izaten da. 

Despopulatuaz 
Madotz eta Aralarko santutegia lotzen dituen bidearen bazterrean dago Agiri (Agiregi) despopulatua, 900 metroko altueran. Elizak 13 metro luze eta 6 metro zabal ditu. Pareta zabalak dira gelditzen dena. Iparraldeko pareta finkatzen lan egin behar izan zuten, barrura “puztuta” baitzegoen. Elizak atea hegoalderantz du, ibarreko elizen moduan (Lakuntza salbu). Egindako lanek erliebedun harriak (ateko kapitelak?) eta alaka zuzen eta borobilduko harriak agerian utzi zituzten. Elizaren hegoaldeko hormaren luzeran harrizko banku bat izan daitekeena ere agerrarazi zuten. Elizatea hilerria izan zenaren gainean eraiki zuten, antza. Elizaren, eta herriko etxeetako teilatua begetala zen, "ziurrenik zekalez egina".

Agiriko herri despopulatu bera hamahiru etxez osatuta dago. Arresek haietako bat ikertu zuen: 105 metro karratuko azalera eta 90 cm-ko zabalerako paretak ditu. Pareten altura ez da metro batera iristen. Atea, hegoaldean zuen. Iltzeak eta zeramika zatiak opatu zituen.