Amaia Madinabeitiari aitortza

Guaixe 2024ko urr. 18a, 11:11

Amaia Madinabeitia Beraza telebistako platoan. NAVARRA TELEVISION

Nafarroako TVko kazetariak Menina saria jaso du.

Emakumeen Sare Transnazionalak Amaia Madinabeitia Beraza Navarra Televisioneko kazetari ubertearraren ibilbidea aitortu du, "emakumea gizartean defendatzeko konpromisoagatik eta errespetua, berdintasuna eta bizikidetza balioekin duen konpromisoagatik". Bernarda Jimenez mediku eta aktibista zenaren omenez, Net Work Woman Emakumeen Sare Transnazionalak Menina sarien edizio berezia ospatu zuen Iruñean atzo. 

Erakunde sari emaileak Madinabeitiari aitortza egin dio "Navarra Televisiónen magazinetako zuzendari eta aurkezle gisa komunikabideetan egindako ibilbide pertsonal eta profesional nabarmenagatik, eta kazetari gisa duen esperientzia zabalagatik". Izan ere, ubertearra 2007-2009 urtean Nafarroako Gobernuan Kabineteko buru izan zen eta Cadena Cope, Popular Televisión, EFE agentzia eta Diario de Navarran kazetari gisa aritu da. 

Madinabeitiak adierazi duenez, "ilusio handiz" jaso du saria, eta bereziki familiari eskaini dio, "sariak nabarmentzen dituen balioak niri erakusteagatik eta lan egin dudan komunikabideei, bereziki Navarra Television-i, nire profesionaltasunean konfiantza izateagatik eta kazetaritza bokazioa garatzeko aukera emateagatik, egiari, errespetuari, berdintasunari eta bizikidetzari leial izanda", adierazi du Madinabeitiak.