Itxesi auzoko zazpi atarietan egindako inguratzaile termikoaren eta irisgarritasunaren hobekuntza lanak Nafarroako Gobernuaren 4. Biziberri Sarian finalista izan dira. Idoia Tapia eta Juanjo Gorrotxategi auzokideek GUAIXEri martxoan azaldu ziotenez, "etxebizitzek 45 bat urte dituzte eta birgaitze premia zuten". Teilatua erabat berritu zuten eta fatxadetan isolatzailea jarri zuten. Auzo osoa zaharberritzea asmoa zenez, udalak esku-hartze orokorreko proiektua izendatu zuen. Horrek auzokideei Europako eta Nafarroako dirulaguntzak eskatzeko aukera eman die. Auzokideek martxoan jakinarazi zutenez, lanen %54 horrela ordainduko dute. Bilera asko egin behar izan dituzte auzokideek birgaitzea egin ahal izateko, baina bidean udala eta Sakanako Mankomunitatearen egoitzan dagoen etxeen zaharberritze bulegoko teknikoa lagun izan dituzte.
Lanak egin ondoren, Tapiak adierazi duenez, "pozik gaude egindako lanarekin. Asko nabari da. Isolamendua jarri zutenean berehala nabaritu genuen etxea ez zela hain azkar hozten. Konfortean eta itxura auzoarendako onurak izan dira".