Uharte Arakilgo Udalak San Migel ikastetxe publikoko eraikinaren inguratzaile termikoaren birgaitze energetikoa eta energia-eraginkortasuna hobetzeko obra zuzendu eta gauzatzeko proiektua idazteko lanak eman nahi ditu. Lanak 57.385,22 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du eta kontratua eskuratzen duen enpresak 70 egun izanen ditu lanak despeditzeko. Interesa duen enpresak azaroaren 11ko 12:00ak arte du eskaintza aurkezteko.
Udalak deialdia finantzatzeko dirulaguntza jaso du: erronka demografikoa duten udalerrietan energia garbiko tokiko proiektu berezietan inbertsioak egiteko berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planaren berroneratze eta erronka demografikoko programarena, dus 5000 programarena hain zuzen ere.
Egitekoak
Eskolako energia eskaera eta kontsumo murrizteko egin nahi ditu lanak udalak. Obra egin ondoren eskolaren energia kalifikazioa gaur egungo D mailatik B izatera pasako da. Udalak ikastetxe publikoan hainbat lan egitea aurreikusi du. Batetik, fatxadetan kanpoko isolamendu termikoa bermatzeko poliestireno hedatuzko 20 cm-ko geruza jarriko da, mortero akrilikoz estalita egonen dena. Teilatuak ere isolatuko ditu, batean zelulosa sartuz, bestean manta termikoa jarriz. Horrekin batera, sotoko forjatuan isolamendua jarriko du. Gainera, leihoak aldatu eta pvc-zkoak jarriko ditu. Aldatuko diren besteak eskolako argi guztiak izanen dira, kontsumo gutxiko beste batzuek jarriko baitituzte. Aldi berean, kontrol eta erregulazio sistemak jarriko dira eskolan, energia egoki banatu eta bere erabilera optimizatzeko. Besteak beste, gela guztietan termostatoak jarriko dira, sotoan izan ezik. Azkenik, berokuntza sistemaren sektorizazioa eginen da.
Plazara ematen duen eraikina, eskolaren zatirik zaharrena, 1968an eraiki zuten. Gerora aldeetan handitu egin zuten. Ekialdeko eraikina, frontoiaren parekoa 1986koa da.