Aralarko santutegiko sarrera nagusiari su emanez eraso egin zioten larunbateko goizeko ordu bietan. Horren aurretik Daviden izarra margotu eta haren azpian jude hitza margotu zuten (judua, alemanieraz). Naziek juduak eta beraien ondasunak markatzeko erabiltzen zituzten sinbolo horiek. Atean pintaketak egin ostean, su eman zioten.
Santutegiko zaindaria ohartu da suteaz, 08:30 aldera, santutegiko atea zabaltzera joan zenean. Su-itzalgailu batekin sua itzaltzen saiatu zen, eta larrialdi zerbitzuak gaztigatu zituen. Horretaz aparte, Zamartzen bizi den Alfonso Garziandia Goñi kaperaua gaztigatu zuen. Suaren ondorioz santutegia kez beteta zegoen. Altsasuko eta Cordovillako suhiltzaileak joan ziren santutegira. Sua ondo itzali ondoren santutegia aireztatu zuten. Foruzaingoak hartu du gertatutakoa argitzeko ikerketa.
Sua eman aurretik ezezagunek Daviden izarra margotu eta haren azpian jude hitza margotu zuten (judua, alemanieraz). Naziek juduak eta beraien ondasunak markatzeko erabiltzen zituzten sinbolo horiek. Atean pintaketak egin ostean, su eman zioten. Santutegi inguruko segurtasun kamerek sarbideko eskaileretako irudiak hartzen dituzte, baina erasoa egin zuenak edo zutenak eraikinaren goiko partetik joan ziren.
Nafarroako elizak jazotakoa gaitzetsi egin du "Nafarroako zentro espiritual zaharrenetako eta errorik handieneko batek" erasoa jasan izana. Foruzaingoak gertatutakoa "ahalik eta azkarrena" argitzea espero du, eta "tolerantziaren eta errespetuaren alde" egitera deitu du. Aralarko Done Mikel santutegiak aurrerantzean ere "ateak zabalik" izango dituela adierazi du, "historia, debozioa, kondaira eta artea uztartzen dituen parajera biltzen diren fededunak, erromesak eta bisitariak hartzeko".