Astekaria

"Atea erre dute, baina gure ateak zabal-zabalik daude"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko aza. 5a, 09:30

Alfonso Garziandia Goñi Aralarko santutegiko kaperaua da. Aurreko astean jasandako erasoa "ganberrokeri handia" bat dela dio. Etorkizuneko proiektuak azaldu ditu ere.

Kasualitatea izan edo ez, 45 urteren ondoren, lastailaren 26an Aralarko santutegiaren kontra egin zuten berriro. 1979an lapurrek erretaulako pieza guztiak eraman zituzten. Larunbat goizaldean santutegiko ate nagusian Daviden izarra margotu eta haren azpian jude hitza margotu zuten (judua, alemanieraz). Naziek juduak eta beraien ondasunak markatzeko erabiltzen zituzten sinbolo horiek. Atean pintaketak egin ondoren ate nagusiari su eman zioten. Alfonso Garziandia Goñi da Aralarko santutegiko kaperaua.


Alfonso Garziandia Goñi meza ematen haurrak aingeruari aurkezteko egunean. ARTXIBOA

Zer gertatu zen? 
Susto ederra izan zen. Kamerek hartutako irudietan ikusten da ateari su 02:00etan eman ziotela. Gaur egun gauez hor lotan egoten dena, Kurtis, elizara 08:15ean jaitsi zen. Kea zegoela ikusi eta, sakristian sartzean, gero eta ke gehiago ikusi zuen, eliza kez beteta zegoen. Eta pasabide luze horretan kea izugarria zen. Sua zegoela ikusi zuen. Beste atetik atera zen, su itzalgailua hartu zuen eta sua itzaltzen hasi zen. Niri 08:30ean hots egin zidan. Gora joan ginen. Larrialdietara hots egin eta foruzainak, guardia civilak eta suhiltzaileak joan ziren. Azken horiek sua itzaltzeaz bukatu zuten. Eskerrak kanpoko atea zela eta euritan ari zenez bustita zegoela, geroz pixkaka erre zen, sute apala izan zen. Eta horrek salbatu zuen, bestela egoera beste bat izanen zen. Arriskua zegoen, ate gainean sakristia baitago, eta egurrezko egitura du. Eskerrak suak bakarrik atea hartu zuen. Ate berria egin beharko da. Jendeak esaten du: "guretako hau garrantzitsua da". Eta jende askok hots egin du: "laguntza behar duzue? Garbitzera joan behar da? Dirua behar da?" Jendea prest dago, eta hori seinale ona da. 

Margotzeak ere egin zituzten atean. 
Ez dakigu zergatik egin zituzten. Toki guztietan esan dudana: hori ganberrokeria handia izan da. Egileak harrapatzen badituzte jakinen dugu zergatik egin duten. Ez ditugu hipotesiak eginen. Ea zer esaten duen poliziak. Lakuntzan ere antzeko margotzeak agertu dira. Barneko kameretan ikusten da likidoa bota eta su ematen diotela. 

Kamerak aipatu dituzu. 
Bai, eskailerako irudiak hartzen dituzte. Baina angelu itsu bat dago eta horiek, seinale, bazekiten.  Elizaren atzeko aldetik etorrita ez da ongi ikusten. Zeren iruditan, bestela, ez da inor ere ikusten. Gauza txarretatik ere onak ateratzen dira: bada jende talde bat ate berri bat egin nahi duena. Eliza ez da zikindu, baina beti hautsa eta ke usaina gelditzen da. Hori garbitu egin beharko da. Lan horien ardura aseguruak hartuko du. 

Larunbatean normal zabaldu eta igandean meza emateko aukera izan zenuten?
Suhiltzaileek esan zuten igandean irekitzearena ikusi beharko zela. Larunbatean, 09:30etatik, dena zabalik izan genuen, aireztatzen. Altsasuko suhiltzaileek sakristiatik airea ateratzeko haizagailua jarri zuten, airea korrontean jarriz. Igandean 11:30ean agertu ziren eta ikusi zuten posible zela santutegia publikoari zabaltzea. Dena, eliza eta denda zabaldu genituen. Meza egin zen. Gainera, ubertear batzuen urrezko ezteiak ziren. Meza normal egin zen. Arratsaldean ere zabaldu zen santutegia. Larunbata kenduta, alde horretatik ez da kalterik izan, igandean dena normal izan zen. 

Atea konpondu bitartean zer konponbide eman diozue? 
Hor bada zurgin eta hark atearen bi aldetan panel batzuk jarri ditu. Atea normal zabaldu eta ixten da, kakoekin, giltzekin... Estetikoki ez da oso... baina, beno, bere egitekoa betetzen du: itxita dago. Ate berria egin arte. Atea erre dute, baina gure ateak zabal-zabalik daude. Edozein pertsona joaten dela, harrera ona egiten saiatuko gara. Horretarako gaude, jendearekin egon eta hitz egiteko. Guk jendeari ez diogu galdetzen zer pentsatzen duen. Zu santutegira etorri zara eta guretako garrantzitsua zara. Horretarako da santutegia, elkarrekin egoteko. Hori da San Migelek erakusten duena. 


Atean suak arrasto handia utzi zuen. UTZITAKOA

Kultur intereseko ondasun izendapena izanda, ezin izanen da nolanahiko ate bat jarri.
Atea egin behar dutenak eta Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendari Nagusikoak aste honetan etorriko dira. Bilera eginen dute, nolako atea egin behar den zehaztuko dute. Nere ustez ate berria ederra izanen da. Hobea izanen da, zeren egungo ateak urteak zituen. Baina ate berezia da, burnizko lan ederrak baititu. Ateak balioa zuen, baina ez zen ate historiko bat. 

Zaintza neurriak berrikusiko dituzue?
Bai, orain gaude hizketan. Segurtasun neurriak hobe jarri beharko ditugu, behintzat, kalte egiteko zailtasunak jarri. Esaterako, kamerak non jarri zehaztu. Jakina, ke sentsoreak. Sukaldean eta tabernan jarrita genituen, baina, orain segurtasun modura ere jarri beharko ditugu. Ez dut uste gertatuko denik. 

Santutegia bisitatu daiteke? 
Bai, bai, normal segitzen dugu. Orain neguan 10:00etatik 18:00etara bisita daiteke. Bisita gidatuak ere berdin eginen dira. Denda ere zabalik dago. 

Zer proiektu dituzue orain esku artean? 
Santutegi parean dagoen Trinitate ermita txikia zaharberrituko dugu aurten. Eraikina ez dugu ikutuko, baina barrua bai: paretak txukundu, lur berria jarri... txukun-txukuna izateko. Erretaula zaharra boluntarioek berritu zuten, egurrezko piezak berritu zituzten. Trinitatearen irudia zaharberritu zen. Mezenasgo bidez finantzatuko dugu. Dagokionean zabalduko dugu informazioa. Diru ekarpena egiten duten pertsonek errenta aitorpenean zerga onurak dituzte: egindako dohaintzaren %80 itzuliko zaizu errenta-aitorpenean (lehen 150 eurotan), eta %40 kopuru handiagoko dohaintzetan.

Ostatua eta gazte aterpeko proiektua, zertan da?
Geldixeago doa, baina pixkaka-pixkaka aurrera, dirulaguntzak nondik sortu eta halakoetan gabiltza, lanean. 

Europako San Migel santutegien sarearen proiektua, zer moduz? 
Elkarrekin uztartzeko lanean gaude. Ez bakarrik San Migeli eskainitakoak, Europako santutegien sare bat egin nahi da, eta toki horiek ezagutu nahi dutenei informazioa eskura emanen diegu: zer dagoen, nola joan... Proiektu hori orain jaiotzen ari da. Sare horren batzarra heldu den urtean guk antolatuko dugu, maiatzean. Santutegietako zaindariak, haietan lanean daudenak elkartuko gara, elkar ezagutzeko. Aukera ederra da Europan Aralarko santutegiaren ondarea zabaltzeko, eta dauzkagun toki ederrak ere. Hori jendea erakartzeko turistak, kultur zaleak, denetarik. Ona da jendeari ezagutaraztea hemen zer dugun. 

Aurretik gertatutako eraso eta lapurretak

1620
Lapurreta zapuztua santutegian. Lapurtzera sartu ziren hiru lapur geldirik geratu ziren eliza barruan, eta harrapatuak izan ziren.

1687
Manuel Gonzalezek eta Juan de Jauregik irudia lapurtu zuten. Bata urkatua izan zen, eta bestea biziarteko kartzelara zigortu zuten.

1797-05-11
Iparraldeko zazpi "ikazkin" euskaldunek santutegian egindako lapurreta. Elizgizonak eta zerbitzariak lotu eta ahal zuten guztia lapurtu zuten, San Migelen irudia barne, hiru puskatan puskatu baitzuten. Atxilotu egin zituzten, eta horietako hiru Iruñean urkatu zituzten.

1942-10-31
Sute batek ostatua erabat suntsitu zuen.

1979-10-25 eta 26ko gaua
Rene Alphonse van den Berghe, Erik belgikarra, nazioarteko gaizkileak zuzendutako lapur talde batek esmaltezko erretaulatik pieza guztiak atera eta lapurtu zituen.

1797ko lapurretari buruzko bertsoak

Belaunaldiz belaunaldiz bertso bidez gertatutakoaren berri transmititu zen. Jazotakoaren inguruan Aita Donostiak honako aldaera jaso zuen Erratzun 1912ko garilaren 24an, Andres Jaimerenaren ahotik.

San Migelen bertsoak nua kantatzera,
aditu nai duenik iñor balín bada.
Berri txarrak dabiltze munduan barrena,
notizioso geyenak izanen al gara
Aingerua lapurrak eremana dela.

San Migela yuan eta ladronaren biotza (itzak?)
«Atariok edekitzen etziaudek errezak,
burniak kituk eta ez agiz beratzak».
Batek ez erran biar: «langai on utzak
bertan ez gaitxan artu geren eriotzak».

San Migela yuan eta ladronaren pregunta:
Ogiakin arnua eskatu omen dute,
orduko eginik zauden elkarrekin yunta,
«Orai para detxagun eskuetan lotuta,
guazin Franziara San Migel artuta».

San Migelen lenengo eldu zitzayona
bakarrik balabilke ura zer piona, (peona?)
etorri lakioke egunen bat ona,
akziyua egina damuko zayona,
projimuari Jauna usatzen zayona.

Iruetan egun gizon geyeguak gañetik
billa atera dira Larraungo balletik,
borondate onian guziok gogotik
or ibilli girade mendi oyetatik,
San Migel Aingerua zure ondoretik.

Iruñeko korteko Alkate Rodríguez,
barka bezares baño bertzu au adi bez,
bera portatu zaigu aditu dugunez,
Frantziara yuan da San Migelen galdez,
Aingeru ederrena opatu al balez.

Rodríguez Alkatiak San Migel opatu,
belauniko yarririk bertan adoratu,
berak gaitxala bada ongi faboratu;
bizi modu bat ona mundura logratu,
azkenian zeruetako gloriaz pagatu.

Frantzian mugako paraje batian,
San Migel opa tugu arrian ertian,
arrepatu dugunian konsola gaitzian
…………………………………………..
………………………………………….

Santura yuan zen yende guzia,
sokarekin loturik lapurrenzia.
Nonbait ageri dituk zuen maliziak
progatzeraz geroztik zer den merezia,
San Migelgo muñuan kentzeko bizia.

Azkeneko bertsoa eskatzen Migeli,
bitertekuan gerta dakigulaik guri,
biar ezten itzen bat on batzait neri,
eztakiten bezala aplitzen (aplikatzen) ongi,
barkatu, Aingerua, bakarrik neri.