Otsailaren 15ean, Murtzian ekin zion 2025 denboraldiari Igor Arrieta Lizarraga txirrindulari uharte arakildarrak. Hamabosgarren sailkatu zen Murtziako Itzulian, eta hamalaugarren otsailaren 17an jokatutako Jaengo Klasikoan. Egun, Andaluziako Itzulian ari da. Bere bigarren urtea du munduko talde onenean, UAE Team Emirates, eta aurtengo erronka nagusia bere lehen itzuli handia egitea da: Italiako Giroa.
Denboraldia hasteko gogoz?
Aurreko urteekin alderatuta aurten pixka bat beranduago hasi naiz. Beste denboraldi bat hasteko gogoz eta ilusioz nago.
Murtzian hasi zara.
Murtziako Vuelta egin nuen otsailaren 15ean, otsailaren 17an Jaengo Klasikoa eta otsailaren 19tik 23ra Andaluziako Vueltan ari naiz. Ondoren Frantzian bi klasiko jokatuko ditut, eta Italian Milan-Turin eta Copio Bartoli egingo ditut. Gero etxera itzuliko naiz, Indurain Sari Nagusia eta Euskal Herriko Itzulia jokatzera. Hori izango da egutegiaren lehen zatia.
Joan zen urtean fitxatu zenuen UAE Team Emirates-ekin. World Tour mailara egokitzea zen zure helburua, baina primerako debuta egin zenuen, hasieratik ihesaldietan sartuta egon baitzinen eta sarritan top 20an sailkatu zinelako. Aurten zein da helburu nagusia?
Halako talde batean hastean, iaz ia dena berria zen. Hala ere, pozik geratu nintzen, emaitza txukun batzuk lortu nituelako, nahiz eta lasterketa askotan liderrendako lan egitea tokatu. Aurten ere lasterketa askotan laguntzea tokatuko zait, lider oso indartsuak ditugulako, baina beste lasterketa txikiagoetan nire helburua litzateke aurrean ikustea, irabazteko borrokan edo lasterketaren jolasean sartuta.
"Zein unean aurrean egon, noiz pazientzia izan... hori da gehienbat ikasi dudana"
GIROA, HELBURU NAGUSI
Taldeak une puntualetan zure kabuz aritzeko askatasun hori ematen badizu, gauzak oso ongi egiten ari zaren seinale; taldeak zugan konfiantza du.
Joan zen urtean ere nigan konfiantza bazuten. Denboraldian zehar nire momentuak izan nituen, baina beti pixka bat gehiago nahi duzu, eta aukera horiek ahalik eta hobekien aprobetxatzen saiatuko naiz. Dena den, aurtengo helburu nagusiena Italiako Giroa da. Horretara bideratuko dut nire prestakuntza gehiena.
Halako erronka handi bati heltzeko irrikaz egongo zara.
Izugarri. Nire lehenengo itzuli handia izango da, dena ongi badoa, eta halako erronka baten aurrean ilusio handiarekin nago. Kontziente naiz nolako lasterketa den, oso ongi eta modu oso txukunean prestatuko beharrekoa. Juan Ayuso izango da liderra.
Ayuso laguntzen esperientzia baduzu. Iaz, esaterako, berak irabazitako Itzulian zu izan zinen bere talde gizonetako bat, baita beste proba batzuetan ere.
Bai, Ayusorekin zenbaitetan aritu naiz. Ongi moldatzen gara; ea Giroan hala izaten den.
Zure aitari entzuna diot paisaia politenak han daudela, Giroan.
Hori diote, baina hori esateko eguraldia ere kontuan hartu beharreko faktorea da (kar-kar). Eguzkia ateratzen bada, politagoa izango da, ziur. Aitak esperientzia onak izan zituen han, eta orain ni nireak bizitzeko gogotsu nago.
Zer moduz joan da denboraldiko prestaketa? Mediterraneo aldean egona zara.
Sakanan ez dakigu eguraldia nola ibiliko den. Txirrindularitza gure lana denez, baldintza hoberenetan prestatzen eta egoten saiatzen gara, eta Mediterraneoan aritu naiz entrenatzen, gustura. Prestakuntza ongi doa eta sentsazioa ona da. Mediterraneokoak ongi aprobetxatutako egunak izan dira, ongi entrenatuta itzuli nintzen. Dena den, ondo hala gaizki zauden lehenengo lasterketetan ikusten da; hor ikusten duzu zure burua nola dagoen eta gainontzekoek nola entrenatu duten. Potentziometroekin entrenamenduetan nola zauden jakin dezakezu, baina lasterketetan ikusten da hobekien.
Iaz World Tour mailan hasi zinenetik zer da gehien hobetu duzuna? Eta zer duzu oraindik hobetzeko?
Hobetzeko gauza asko ditut oraindik! (kar-kar). Urtero lasterketa berrietan lehiatzeak irakasten dizu gehien: zein liderrekin eta talderekin zoazen, eta nora, horren arabera ikasten joaten zara: zein momentutan aurrean egon behar zaren, zein momentutan lasaiago egon behar duzun... hori izan da ikasi dudana, lasterketak eskatzen duenean pazientzia hori izatea, eta eskatzen duenean aurrean egotea. Lehen, agian, lasterketa urduri zegoen eta zu ere urduri zeunden, lasterketa lasaitzen zen baina zuk oraindik urduri jarraitzen zenuen... Lasterketak irakurtzen eta pazientzia hori izaten, hori da gehien ikasi dudana.
Iaz esaten zenuen UAE Emirates taldeak beti irabazteko mentalitatea duela, eta zuk ere mentalitate horrekin errepidera ateratzen ikasi beharko zenuela. Nola joan da egokitzapena?
Ondo. Esan daiteke nik ere mentalitate hori dudala. Halako taldeetan asko laguntzen dizute, lider indartsu guztiekin asko ikasten duzu. Halako uneak nola kudeatzen dituzten ikusten ikasten duzu.
Elkarrizketetan ere hobetu duzu. Orain beste jario bat duzu.
(Kar-kar) Ez dakit ba... Elkarrizketa batzuk gehiago eginak baditugu, eta hori nabarituko da.
"Garaipena lortzea beti buruan dagoen gauza bat da, baina ez nago horrekin itsututa"
UAE EMIRATES ETA POGACAR
UAE Team Emirates UCI-ren taldeen rankingean lehen postuan dago, eta txirrindularien rankingean Tadej Pogacar zuen liderra dago buruan. Lasterketetan zuen taldea agertzen denean mundu guztia ahozabalik geratzen da. Pizten duzuen lilura horretara ohitu al zara?
Pogacar dugu taldean, eta beste hainbeste txirrindulari oso on. Munduko talde onena da, eta bizikleta jarraitzen duen edozeinek ezagutzen du talde hau. Hasieran zenbait jendek jarraitzen digun ikustea inpaktu handia izan zen, baina ohitzen joaten zara. Daukazunera moldatzen zara.
Pogacarrek mugarik duen ez dago argi. Iaz denboraldi ikusgarria egin zuen: Giroa, Tourra, Munduko Txapelketa eta beste hamaika proba irabazi zituen. Harrigarria. Nolakoa da taldekide gisa?
Galdera hau askotan egiten didate (kar-kar), eta nik berdina esaten dut beti: azkenean, beste taldekide bat bezala da, normala. Berarekin zaudenean beste edozeinekin izan dezakezun hizketaldia izan dezakezu. Bizikletarako dohain berezia du, hori bai. Berarekin entrenatzen duzunean, edo lasterketa batean zaudenean... edozein unetan ikusten duzu zergatik den horren ona.
Pogacarrek jatorra dirudi, irribarre asko egiten du.
Bai, oso jatorra da. Beti du irribarreren bat, nahiz eta bere egoera ez den batere samurra. Ni edozein tokitara joan naiteke, baina bera ez. Berehala ezagutzen dute, eta jendeak beti argazkia eskatzen dio, sinadura... Hori ez da kudeatzeko erraza, baina berak oso ondo egiten du, nahiz eta ziur gogorra egingo zaiola.
"Pogacar oso jatorra da. Berehala ezagutzen dute. Hori kudeatzea ez da erraza"
Zuri ere argazkiak eskatzen dizkizute?
Bateonbat bai, baina berarekin alderatuta ezta %1. Niri sarritan eskatu izan didate Pogacarren sinaduraren bat lortzea, eta nahiz eta berarekin egon, askotan zaila egiten zait halakoak eskatzea, nola ibiltzen den ikusten dudalako. UAE Emirates gure taldearen inguruan 100 pertsona gaude, eta guztiei eskatzen digute bere argazkiren bat. Beraz, denok etengabe hasiko bagina... batzuetan zaila da.
Taldeko txirrindulari bakoitza munduko punta batetakoa zarete. Zertaz hitz egiten duzue?
Zure lagun batekin kafe bat hartzera zoazenean bezalakoa da, denetaz hitz egiten dugu: familia, zaletasunak, ikusi ditugun filmak, oporrak, autoak, beste kirolak... Bost-sei orduko entrenamendutan denetariko gaiak ateratzen dira.
Norekin jartzen dizute gelan?
Lasterketa guztietan aldatzen doa. Ez dut kide finko bat. Agian Pogacarrek Novac-ekin egotea eskatzen du sarriago, bera ere esloveniarra delako, baina ez beti. Nik uste dut taldeak hau egiten duela taldekide guztiekin harremana egiteko.
Espainiako selekzioarekin iaz 23 urtez azpiko azken probak jokatu zenituen. Tartean, hamargarren sailkatu zinen Munduko Txapelketan. Aurten elite edo absolutura pasako zinateke.
23 urtez azpiko maila jada atzean utzita dago. Orain elite selekzioarekin joan beharko nuke selekzioaren deia jasoz gero. Deituko nauten? Ba ez dakit. Denboraldia nola hasten den, horri begira hartzen dituzte erabakiak. Agian espero ez duzun norbait oso ongi aritzen da, eta espero duzuna ez hain ongi. Beraz, ez dakizu. Hori lasterketetan ikusi beharko da.
"Pogacarrek bizikletarako dohain berezia du. Entrenatzen, lasterketan... edozein unetan ikusten duzu zergatik den horren ona"
World Tourrean lehen garaipena lortzea helburu bat da? Edo ez zaude horrekin itsututa?
Ez nago itsututa, baina garaipena beti buruan dagoen gauza bat da. Nik uste maila honetan gauden denok irabazteko gogo hori beti dugula. Izan ere, profesionaletara ailegatzeko aurretik lasterketak irabazi egin behar izan ditugu, bestela oso zaila izaten da gora pasatzea. Horregatik da kirola, irabazteko grina edo gogo hori dugulako. Garaipena lortzea gustatuko litzaidakeen gauza bat da, baina ez dit burua hausten, ez nago tematuta.
BIZIMODUAREKIN, POZIK
Zuk ez duzu zure inguruneak (familia, lagunak, neska laguna...) duen bizimodu bera. Denbora asko ematen duzu etxetik kanpo. Nola daramazu?
Ohituta nago horrela bizitzera. Lagunekin, neska lagunarekin eta familiarekin egunero edo astero ez egotera ohituta nago. Nire errutina da; nire bizitza horrela da, ezin dut egunero hemen egon eta planak egin. Ez diot honi buelta askorik ematen. Nire bizitzarekin pozik nago.
Aita txirrindulari ohia da, eta txirrindularitza zuzendaria. Kontentu dago zure ibilbidearekin eta hartutako erabakiekin?
Berak zer uste duen ez diot galdetzen, baina nola ari naizen ikusita pozik dagoela esango nuke. Hartu ditudan erabakiak nik hartu ditut, baina berarekin hitz egindakoak dira, eta esango nuke kontentu dagoela.
Aurten hiru txirrindulari profesional sakandar zaudete: Iker Mintegi (Euskaltel Euskadi), Ailetz Lasa (Tavera) eta hirurok. Aspaldiko ezagunak.
Bai, Ikerrekin adinekoak gara eta beti bizikleta inguruan ibili izandakoak. Ailetz bi urte zaharragoa da, baina betidanik ezaguna baita ere. Portugalera joan da, profesional izateko han topatu du bere aukera. Pozten naiz hirurek aurrera egin dugulako. Lasterketetan baino, entrenatzen ikusten ditut gehiago, Sakana inguruan. Lasterketetan egutegi kontuagatik agian batzuk alde batean gaude, besteak bestean... Zenbat eta txirrindulari sakandar gehiago egon, hobe. Elkarrekin entrenatzeko eta beti bakarrik entrenatu behar ez izateko ongi etortzen da.
"Taldeak pizten duen ikusmina hasieran inpaktu handia izan zen, baina ohitu naiz"
Nahiago duzu bakarrik edo taldean entrenatzea?
Bi aukerak ditut gustuko. Ez nuke aukeratuko ez bata ez bestea. Egun askotan bakarrik joatea dut nahiago, nire gauzetan pentsatzeko edo nire lanak egiteko, eta beste egun askotan jendearekin ateratzen naiz errepidera, kafe bat hartzen dugu... Beraz, biak, egunaren arabera. Taldeka noanean Iker Mintegirekin joaten naiz sarritan, eta Ion Izagirrerekin ere geratzen gara, nahiz eta bera Agurainen bizi. Gertuko txirrindulariak tarteka geratzen gara beti. Gainera, eguraldi txarra egiten duenean beste batekin lagunduta joatea, hobe.
Munduko hainbat txoko ezagutzen ari zaren honetan, bizitzeko momentuz Uharte Arakilekin geratzen zara?
Jakina. Horrenbeste egun etxetik kanpo pasa eta gero, faltan botatzen duzu zure etxea eta zure familia dagoen tokia. Munduan toki asko dira politak, egun batzuetarako behintzat oso gustukoak, baina egia da denbora asko egoteko etxean bezala ez nagoela inon.
Giroa zuretako test baten antzekoa izango da, hiru asteko proba luze batean zure buruak nola eusten duen probatzeko aukera. Zure helburu pertsonalak izango dituzu Giroan, eta pentsatzekoa da egutegian aurtengo probarik garrantzitsuena izango dela, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Test bat baino gehiago nire burua halako lasterketa batean nola ikusten dudan aztertzea izango da asmoa. Hori da aurtengo helburua, Giroan ongi aritzea.