Uharte Arakilgo Udalak Interneten duen atariak www.uhartearakil.eus webgunea erabat berritu du. Aldaketa otsailaren 7az geroztik dago ikusgai. Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu duenez, "aurreko webgunea ez zegoen egokituta gaur egungo tresnetara. Telefono mugikorretatik gaizki ikusten zen eta hainbat gauza egiteko aukerarik ez zuen ematen". Web orriaren berrikuntza erabili dute "beste eremu batzuk sartzeko. Europako proiektuak garatzeko eskaera batzuk daude, guretako garrantzitsuak direnak". Eta horiei ikusgarritasuna eman zaie oraingoan. Uharte Arakilgo Udalak 2025eko maiatzetik du webgunea. Hasiera batean .com domeinuarekin zuen, baina orain .eus domeinura aldatu da. "Espero dugu webgune berriak funtzionamendurako erraztasunak emanen dituela", laburbildu du alkateak.
Web orri berria ibarreko enpresa batek garatu du eta bertan hamar menu daude: udala, herria, udal leihatila, ekonomia garapena, hirigintza, gardentasuna, dokumentuak, albisteak, agenda eta kontaktua. Udalaren egoitza elektronikorako sarbidea nabarmendua dago, Europako proiektuak eta ekonomia garapen atalekin batera. Lotura interesgarrietan, honakoak daude: Sakanako Mankomunitatea, Sakanako Garapen Agentzia, Sakanako turismo webgunea, Trail Stazioa, Artzain Eguna, Beriain Kilometro Bertikala eta eskola.