Asteburuan hirugarren mailako kopako multzoen faseko seigarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Kirol Sport liderra zuen aurkari Aralar Mendik, Orkoienen, eta kopako hurrengo fasera sailkatu ahal izateko garaipena lortzea ezinbestekoa zuen Uharte Arakilgo taldeak. Lortzear egon zen, 12. minuturako 0-4 aurreratu baitzen Aralar Mendi, Jon Iribarrenek (2), Eneko Cruzek eta Aimar Igoak sartutako golei esker. 2-4 hurbildu zen Kirol Sport, baina Eneko Cruzek Aralar Mendiren bosgarren gola sartu zuen, eta lasai zegoen talde berdea. Partida bukaerak, ordea, guztia aldatu zuen. Ia konturatu gabe, 4 minutuan bosna berdindu zuen Kirol Sportek. 38. minutuan Jon Iribarrenek 5-6 aurreratu zuen Aralar Mendi, baina minutu bat beranduago seinako berdinketa lortu zuen Kirol Sportek eta horrela bukatu zen partida, uhartearren zoritxarrerako.
Sailkapenean Kirol Sport izan da lehena (13 puntu), Aralar Mendi bigarren (10 puntu), Betelu hirugarren (9 puntu) eta Universidad de Navarra azkena (3 puntu). Beraz, Aralar Mendirendako kopako abentura bukatu da, alde oso gutxiagatik bada ere, soilik lehenak, Kirol Sportek, egin duelako aurrera kopan, gainontzeko multzoetako lehenekin batera: Garbayo Chivite Cintruenigo, Gazte Berriak Antsoain eta Zubiriko Ibararte. Finalerdien txanda dute orain.