Uhartek herri larreen erabilera enkantera aterako du

Guaixe 2025ko mar. 5a, 11:36

Lehen lotean goi tentsioko linea dago. ARTXIBOA

Ubertearrak eta ubertearrak ez diren abeltzainek eskaintza egiteko aukera izanen dute.

Uharte Arakilgo Udalak herri larre batzuk emateko deialdia egin du. Aurretik bitan egin du deialdia, baina herriko abeltzainei zuzenduta. Bietan deialdiak hutsik gelditu direnez, udalak erabaki du larre horiek emateko deialdi irekia egitea eta, ondorioz, Uharte Arakilen eta herritik kanpo erroldatuta dauden ustiategietako jabeak aurkezteko aukera izanen dute. Larreen aprobetxamenduko enkantea martxoaren 12an, asteazkenean, 13:30ean eginen da Uharte Arakilgo udaletxean. Enkantea arautzen duen plegua udaletxean dago. 

Aurreneko lotea Ardanzarreta, Irestu eta Arzeleta dermioetako larreak hartzen ditu. Hau da, autokarabanendako gunetik Arruazuko mugarainoko tartean dauden larreak; Sargaitz poligonotik gora du sarbidea. "Duela bi urte sasiz garbitu ziren eta ur hartunea badu", azaldu du Txomin Uharte Baleztena alkateak. Guztira 79,62 hektarea dira, udalak haren erabileragatik 2.845,07 euro eskatzen ditu. Bigarren lotea Berastegi dermioan dago, Irañetako mugan, eta 5.678,97 metro karratuko azalera du. Harengatik 125,04 euro eskatzen ditu udalak.