Uharte Arakilgo Udalak futbol zelaiaren eta igerilekuaren artean zuen eraikina bota eta berria jasotzeko lanak hasi ditu. Langileak hura eraitsi eta eraikin berriko zimenduak jarri eta lurpeko instalazioak jartzeko lanak egiten ari dira. Obrak 133.852,56 euroko (BEZ barne) aurrekontua du. Udalak Nafarroako Gobernutik lan horietarako zuzenean 90.000 euro jasoko ditu, EH Bilduk foru aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa bati esker.
Obraren lehen fasea da gaur egun egiten ari direna. Bigarren fasean eraikina jasoko da. Horretarako Uharte Arakilgo Udalak Europako Next Generation funtseko Turismo Jasangarritasunerako Planeko dirulaguntza lortu du Cederna-Garalurren bidez. Lanen azken fasea eraikina janztea izanen da. Horretarako ere udala dirulaguntza bila ari da. Lanek, guztira, 675.000 euroko aurrekontua izanen dute.
Itxesiko aterpeak 450 metro karratuko azalera izanen du eta dozena bat plaza izanen ditu, hiru gelatan banatuta. Gela bakoitzean lau pertsonarendako literak egonen dira. Haietako bat egokitua izan beharko du eta komuna pribatua izanen du. Beste bi geletakoek komuna partekatu beharko dute. Logelez aparte, eraikinak harrera, ekipai gela, office txiki bat eta erabilera anitzeko gela izanen ditu.
Itxesian bertan udala igerilekuak berritzeko lanak egiten ari da. Igerileku handia ez da moldatuko eta 310 metro karratuko azalera izaten segituko du. Baina haren ura biltzeko kanala eta hondartzak bai berritzen ari dira. Gainera, igerilekurako bi sarbideetan irisgarriak diren bi dutxa jarriko dira. Bestetik, umeak plisti-plasta ibiltzeko bi igerilekuak kendu eta berri bat egiten ari dira, 78,6 m2-koa.