Haien herrietara Ahobizi eta Belarriprest txapen udaberria iristeko lanean ari dira Virginia Moscoso Elia eta Amagoia Hermoso de Mendoza Sainz ubertearrak eta Jon Hernan Mendibe unenuarra. Beraien herrietako Euskaraldiko batzordeko kideak dira. Beraien herrietan Euskaraldia aurrera ateratzeko lana egiteaz aparte, ibarreko batzordeak biltzen dituen koordinazio bileretan ere parte hartzen dute. Haietan egunean jarri, martxan jarri nahi dituzten ekimenen berri elkarri eman eta materiala jasotzen dute. Halako bilera baten ondoren hartu gaituzte.
Herriko Euskaraldia batzordean zenbat zaudete?
Virginia. Gu poliki-poliki hasi gara. Aurten nahiko jende elkartu gara, bospasei. Hasteko, bilerak egin ditugu. Pixka bat prestatzen hasi gara.
Amagoia. Prestatzen hasi behar genuela jakin genuenean, bilera deitu zen eta horretarako prest geundenak bildu ginen. Egia da antzeko pertsonak garela, aurreko deialdietan ere laguntzeko prest egon garenak. Gure artean, batzuek indar gehiago eginez, besteek gutxiago, baina saiatu gara txukuna den zerbait ateratzen.
Jon. Herria ere ttikittoa da, baina proportzioan dezente bildu ginen, gutxi batzuk. Gure programa hiru ekintzatan ardaztu dugu. Lehenengoan jende dezente bildu ginen. Besteetan ere, pentsatzen dut, hala izanen dela. Oporretatik bueltan segituko dugu.
Jendea laguntzeko prest dago?
J. Bai. Lehengoan dokumentala ikusi eta herri afaria egin genuen. Afaria geuk kudeatu genuen. 40 lagun elkartu ginen, asko da Unanurako.
V. Bai. Gauzak prestatuz gero, jendea hasiko da izena ematen, eta prest egonen dira.
Data aldaketak nola hartu duzue?
A. Mesedetarako da udaberrian egitea. Eguraldi onarekin dena da hobea. Emaitzak ikustean argituko da hobea den edo ez.
V. Hasiera batean arraro samar egiten da udaberrian prestatzen hastea. Baina alaitasun puntu handia emanen digu.
J. Guk ongi hartu dugu. Beste data ere ona zen guretako, elkartean egiten baitira ekintza gehienak. Oraingoak ematen du aukera kanpoan zerbait egiteko.
Noiz hasi zarete antolatzen?
J. Martxoaren hasieran hasi ginen horretan. Ideia bilketa egin genuen eta, ondoren, aukeraketa bat. Herri txikietan aurrelan indartsua egin behar duzu jendeak parte hartzeko.
V. Bakoitza zer egin behar zen pentsatzen hasi zen. Zer pauso eman, Euskaraldiko web orriko Intraneterako izena ematea, eta abar. Apirileko lehen astean egin genuen bilera, eta ideia asko sortu ziren. Beraz, pozik.
A. Bileran atera ziren ideia horiek gauzatzen saiatuko gara.
Euskaraldia zer den barneratuta dute herritarrek?
J. Oraintxe ari dira. Ikusiko dugu bukatzen denean guztiz barneratua duten. Bai, Euskaraldian murgiltzen ari direla pentsatzen dut.
V. Poliki-poliki lortuko dugu. Baina zaila da, bai.
Herritarrek txapa janzten dute?
A. Espero dugu! Berokiekin ez ziren antzematen.
V. Negua zenez, gutxiago ikusten ziren. Aurten gehiago.
J. Asko ez gara, baina asko ez, baina zenbait ikusiko dira.
Bi herrietatik mendizale ugari pasatzen dira. Txapa eramaten dute?
J. Eramanen dituztela pentsa nahi dut. Asteburuan Beriain aldera jende asko joaten da, batez ere, Euskal Herriko jendea. Ikusiko dugu Euskaraldiko asteburu horietan zer pasatzen den.
V. Begira egonen gara eta kontatuko dugu zenbat txapa pasatzen diren (barrez).
Izen ematearekin hasi zarete?
A. Aste honetan izena ematera animatzeko bideotxoren bat zabaltzeko asmoa dugu. Badaude gauza batzuk egiten ez dituzun arte gainetik kentzen ez dituzunak. Uste dugu jende askok izena emateko asmoa duela eta, agian, oraindik ez dutela izenik eman. Aste hauetan pizten saiatuko gara.
J. Ez dakit zenbatek eman duten izena. Euskaraldirako antolatu ditugun ekintza horiek izan daitezela aukera bat elkarrekin egoteko eta ibiltzeko. Kopuru aldetik nahiz eta txikia izan, kalitate aldetik izan dadila hobea.
Lortuko dituzuen izen emate kopuruaren inguruko apusturik egin duzue batzordean?
J. Belarriprest gutxi. Badaude, eta egin dira. Eta Ahobiziak ez nizuke esanen.
V. Aurreko edizioko kopurua berdintzearekin konforme gelditzen naiz. Ikusiko da.
Arigunerik bada?
A. Dakigunez, erakunde gisa udalak eta eskolak eman dute izena. Hemendik aurrera saiatuko gara ate gehiago jotzen, bakarren batek gehiagok izena emateko, baina ez dakigu.
J. Unanun herri guztia da Arigunea.
Zer dei eginen zeniekete herritarrei?
V. Izena eman dezatela, jakina! Anima daitezela Euskaraldian parte hartzera.
J. Dauden erdaldun horiei pixka bat lagundu. Askotan kosta egiten zaigu. Erdaldunak dira eta erdaraz hitz egiten diegu. Izan dadila hau ariketa polit bat segitzeko, haiei ere euskaraz hitz egiteko. Eta geroan segitzeko.