Areto futbola

Aralar Mendik ezin izan zuen abantaila mantendu

Guaixe 2025eko apirilaren 16a

Hirugarren mailako hemezortzigarren jardunaldian San Juan taldearen kontra azken unean erori zen talde uharte arakildarra

Asteburuan hirugarren mailako hemezortzigarren jardunaldia jokatu zen. San Juan izan zuen aurkari Uharte Arakilgo Aralar Mendi taldeak, Iruñean. Partida oso lehiatua eskaini zuten bi taldeek. San Juan aurreratu zen, baina Mounir El Akkarik bana berdindu zuen eta hurrengo minutuetan egindako jokoari esker 1-3 aurreratu zen Aralar Mendi, Jon Arenaza eta Mikel Martiarena fin ibili zirelako. San Juan, ordea, esnatu egin zen eta hiruna berdindu zuen. Ibai Martiarenak Aralar Mendi aurreratu zuen berriz, 3-4, baina pozak gutxi iraun zuen, hurrengo minutuan launa berdindu zuelako San Juanek. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, eta partida puntu banaketarekin despedituko zela zirudienean San Juanek garaipenaren gola sartu zuen 39. minutuan eta 5-4 galdu zuen Aralar Mendik. 

Kirol Sport da hirugarren mailako liderra (32 puntu), Gazte Berriak bi puntura duela (30 puntu). Aralar Mendi hamargarren da (11 puntu). Hemeretzigarren jardunaldian Aralar Mendik lidergoagatik borrokatzen ari den Gazte Berriak taldea hartuko du apirilaren 26an, Uharte Arakilen. Partida zaila dute aurretik uharte arakildarrek.