Arakil ibaiak gainezka egin zuen irailean eta Sakana Iruñearekin lotzen duen trenbidean kaletak eragin zituen bi kilometroko tartean. Hori konpontzeaz tren azpiegituren mantentze lanetan aritzen den Adif enpresa arduratzen da. Adif egiten ari den obren ondorioz, maiatzaren 10ean eta 11n, larunbatean eta igandean, tren zerbitzua eten beharko da Zuasti eta Uharte Arakil artean. Adifek balastoa berrituko du, eta drainatzeko eta ezpondari eusteko obrak ere egingo ditu. Jarduketa horiei esker, gainera, abiadura-muga kendu ahal izango da inguru horretan.
Lanek distantzia luzeko eta ertaineko zerbitzuetan izango dute eragina. Bidaiarien mugikortasuna bermatzeko asmoz, Renfek errepide bidezko garraio plana abian jarriko du kaltetutako ibilbide eta egunetako tren guztietarako. 23 autobus-zerbitzu antolatuko dira distantzia ertaineko bidaiarien mugikortasuna bermatzeko; eta 12 autobus zerbitzu, distantzia luzeko bidaiariendako. Hala, distantzia ertaineko trenetako bidaiariek errepidez egingo dute Iruña eta Uharte-Arakil arteko tartea. Distantzia luzeko Bartzelona-Vigo / A Coruña-Salamancako zerbitzuak Logroñotik desbideratuko dira. Bestalde, maiatzaren 10ean eta 11n, Donostia eta Bartzelona arteko trenetako bidaiariek errepidez egingo dute Donostia eta Iruña arteko tartea, baita Bartzelonatik Donostiarako trenetakoek maiatzaren 9an eta Donostiatik Bartzelonarako trenetakoek maiatzaren 12an ere. Ordutegiak renfe.com webgunean egongo dira ikusgai.