Maiatzaren 9an abiatuko den Italiako Giroa Igor Arrietarendako (UAE Emirates) bere lehen itzuli handia izango da, eta uharte arakildarra "oso gogotsu" dago. Azken egunak Sierra Nevadan kontzentratuta eman ditu, Giroan parte hartuko duten taldekideekin. "Ongi prestatuta iritsi naiz" nabarmendu du gazteak.
UAE Emirates taldearen helburua Ayusorekin edo Yates-ekin Giroa irabaztea da. "Nire lana eurak babestea da. Liderrendako gogor egin beharko dut lan. Ea egunen batean niretako aukera sortzen den eta aprobetxatu ahal dudan".
Maiatzaren 9tik ekainaren 1era bitartean jokatuko da Giroa. Hiru aste gogor, eta 3.443,3 km gogor dituzte aurretik, eta hirugarren astea ikaragarria izango da, goi mailako mendi etapekin.
Albanian hasiko da Giroa. Lehen etapak Durazzo (Durrës) eta Tirana batuko ditu (160 km).