Igor Arrieta Lizarraga (UAE Emirates) uharte arakildarra lehenengoz ari da itzuli handi batean, Italiako Giroan, hain zuzen ere. Ilusio handiz eta oso gogotsu abiatu zen Girora, taldeko liderrei laguntzeko helburuarekin, “eta egunen batean aukera sortzen bada, ea aprobetxatu ahal dudan”.
Aukera maiatzaren 17ko Giroko zortzigarren etapan sortu zitzaion, Giulianovan hasi eta Castelraimondon despeditu zenean (197 km) baina ustekabean. Eguneko ihesaldian sartu zen, hogei txirrindulari inguruk osatutakoan, eta zuen guztia eman zuen ihesaldiak iraun zuen 113 kilometrotan. Tartean erasoa jo eta aurrera egin zuen Arrietak, bakarrik, baina azken eremuan Luke Plapp australiarrak irabazi zuen etapa, eta Igor Arrieta laugarren sartu zen, 1:22ra, meritu handiz.
“Gaurkoa ez zegoen taldearen planetan, baina ihesaldi horren handia izanda, adi egon beharra zegoen eta bertan sartu, badaezpada norbait arriskutsua sartu eta beharrezkoa balitz prest egoteko. Aurrean egotea zen kontua, presente egoteko eta atzetik mugimenduren bat egonez gero, beti hobeki da aurrean joatea tiratu behar izatea baino. Oso pozik nago nire lehendabiziko handian gaur aurrean egon ahal izateagatik. Pozik, baina hemendik aurrera jarraitzea, eta liderrarekin defendatzea eta erasotzea da helburua” azaldu zuen. Gogorra izan zela aitortu zuen. “Igoera batean sortu da ihesaldia, eta hortik aurrera guztia bizirautea izan da”.
Sterratoa
Maiatzaren 18ko etapako sterratoak hankaz gora jarri du Giroa. Gubbio eta Siena arteko etapak lur gaineko bost eremu ziren, tentsio handikoak izan zirenak, guztiz erabakigarriak. Primoz Roglic faboritoak erorikoa izan zuen, eta tarte handia galdu zuen, 2:22 minutu. UAE Emirates taldeko Isaac Del Toro ikusgarri aritu zen, Wout van Aertekin (Visma), Egan Bernalekin (Ineos Grenadiers) eta Brandon Riverarekin (Ineos Grenadiers) batera. Aurrean jarri zen laukotea, baina berehala Del Toro eta Van Aert geratu ziren bakarrik. Azkenean etapa Van Aertek irabazi zuen eta Del Toro da Giroko lider berria, bere taldekide Juan Ayusori 1:13 ateraz. Igor Arrieta 39. postuan dago, 19:58ra. Hemendik aurrera zalantza da eta Del Toro edo Ayuso, nor izango den UAE Emirates taldeko liderra.
Maiatzaren 19an atseden jardunaldia dute txirrindulariek, maiatzaren 20ko Lucca eta Pisa Tudor arteko 28,6 km-ko erlojupeko erabakigarriaren aurretik.