Giroaren hirugarren astea ikaragarria izango zela aurreikusten zen, Alpeetako etapa gogorrekin, eta hala izatean ari da. Maiatzaren 27an benetako lehen etapa menditsua jokatu zen, eta faboritoek nola eutsiko zioten, ikusmin handia zegoen. Lehen mailako San Valentino igoeran despeditu zen etapa, bigarren mailako Carboniare eta lehen mailako Candrial eta Santa Barbararen ondoren, kalbario latza izan zen txirrindulari askorendako. Tartean, Girorako faboritoen artean zeuden Primoz Roglic-ek etxerako bidea hartu zuen, eta UAE Emirates taldeko Juan Ayuso jokoz kanpo geratu zen.
Astana izan zen eguneko protagonistetako bat, bere bi txirrindulari, Christian Scaroni eta Lorenzo Fortunato batera iritsi zirelako helmugara (5:35:05), Scaroni aurrean zela. Richard Carapaz (Education First) eguneko bigarren protagonista handia izan zen, laugarren iritsi baitzen, Giroari horzkada ederra emanez, hirugarren kokatu baita, Isaac del Toro (UAE Emirates) liderretik 31 segundo eskasera. Egun gogorra izan zen atzokoa UAE Emirates taldearendako. Isaac del Torok ederki sufritu zuen, eta bere ahulezia agerian geratu zen. Gutxigatik mantendu zuen maglia arrosa. Igor Arrieta 57. sartu zen, 28:55ra.
Isaac del Torok segitzen du lider, Simon Yates (Visma) 26 segundora eta Richard Carapaz 31ra jarri zaizkiolako. Igor Arrieta 36. da, 1:13:02ra.
Maiatzaren 28koa etapa ere garrantzitsua izango da faboritoendako. 155 ditu, San Michele all´Adigetik Bormioraino, tartean hiru mendate dituztela: bigarren mailako Passo del Tonale, lehen mailako Mortirolo mitikoa, eta hirugarren mailako Le Motte.