Europako San Migel Santutegien eta Bideen Europako Sarearen urteko topaketa hartu zuten Aralarko santutegiak eta Zamartzek maiatzaren 23an eta 24an. Urtero antolatzen den topaketa horren bidez sareari ikusgarritasuna eman nahi diote. Aldi berean, bere kideen arteko loturak sendotu nahi dituzte mugaz gaindiko lankidetza bulkatzeko. Horrekin batera, esperientziak partekatu eta Goiaingeruaren legatuaren inguruko ibilbide komuna egiten jarraitzeko bulkada eman nahi dute. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradia eta Aralarko santutegia izan ziren anfitrioiak. Sarea bederatzi santutegik eta 20 erakunde publiko eta pribatuk osatzen dute. Topaketan Auvernia, Normandia, Italia, Ipar Katalunia eta Nafarroako ordezkariek bat egin zuten. Bi egunez Aralar elkarrizketa foro bihurtu zen eskualdeko eta tokiko agintarien, erlijio ordezkarien eta aipatutako eskualdeetako tokiko arte, historia, turismo eta kultur arloetako espezialisten artean.
Topaketaren aurreneko eguna sarearen batzarra Lakuntzetxen egiteko baliatu zuten. Guztiei ongi etorria Migel Angel Zubiriak, kofradiako lehendakariordeak, (Jose Mari Ustarroz kofradiako presidenteak ezin izan zuen egon) eta Alfonso Garziandiak, santutegiko kaperauak, egin zieten. Ondoren, David Nicolas sareko presidente eta Mont Saint Michel barrutia hartzen duen Avrancheseko alkateak azpimarratu zuen, alde batetik "ordezkatzen dugunaren Europako dimentsioa". Beste aldetik, "gure balio komunak, herrien arteko ulermena sustatzen dituena". Azkenik, "planeta mailan partekatutako espazio baten protagonista izatearen harrotasuna". Turismo iraunkorraren gorakada eta bisitariari bere buruarekin elkartzeko esperientzia bat eskaintzearen garrantzia ere nabarmendu zituen. Sarea bulkatu duen funtsezko pertsonetako bat Mikel Garziandia Goñi Palentziako gotzain eta Aralarko kapilau ohiak ere hitza hartu zuen. Garziandiak esan zuenez, Itxaropenaren Jubileua 2025 proiektuak "sarearen dimentsio espirituala bulkatzen du". Azaldu zuenez, "San Migeli eskainitako santutegiak Europako katedral, monasterio eta parrokiekin lotuz, erromesaldiaren bidez eliz komunioko esperientzia baterako bide sare bat egiten da". Ondoren, bertaratuek Aralarko erretaulari buruzko hitzaldia eman zien Lourdes San Josek eta ondoren santutegia eta bere inguruak bisitatzeko aukera izan zuten. Parte hartzaileek aukera baliatu zuten ondareari balioa emateko dituzten ekimenen berri elkarri emateko.
Zamartzen
Bigarren egunean Zamartze izan zen bilgunea. Normandia eta Auvernia elkarteetako eta Aralarko kofradiako ordezkariek Europan proiekzioa duten beraien ekimenak errepasatu zituzten. Ipar Kataluniako Saint Michel de elkarteak egindako lan berritzailea aurkeztu zuen: jatorrizko piezak New Yorkeko The Cloisters-en dituen arku erromanikoa 3Dn birsortzen dute, elementu horiek sinbolikoki abadiako jatorrizko lekura bueltatzeko. Topaketa dimentsioa du Mont Saint Micheleko Bideen Sareak. 4.000 km baino gehiagoko ibilbideak dira, antzinako erromes bideak berreskuratzen dituztenak eta turismo motela eta deskarbonizatua sustatzen dutenak, oinez edo bizikletaz, espiritualtasuna, ondarea eta ingurunearekiko errespetua integratuz. Bestalde, Zubiriak adierazi zuenez, "Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren kofradia nortasun espiritual sendoagatik nabarmentzen da, bere ekintza mugatu beharrean aberastu egiten duelako". Gaineratu zuenez, "kolore eta tonalitate desberdineko Europa bat gara, elkartasunean, anaitasunean eta tolerantzian partekatzen ditugun balioek elkartuta".
Akabera ekitaldian Nicolasek San Migel Europako lankidetzaren ikur gisa aldarrikatu zuen. "San Migelek Europako balioak ordezkatzen ditu, gaur egungo testuinguruan hain beharrezkoak direnak, hala nola gaizkiaren kontrako borroka, bakea eta adiskidetzea". Aldi berean, aliantza hori osatzen duten eragileen aniztasuna eta lankidetza pluralaren balioa azpimarratu zituen.
Bukatzeko, Unai Hualde Iglesiasek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, esan zuenez, topaketak "indarrak batzeko eta San Migelen Europako ibilbidea sendotzeko balio behar du, haren interes espirituala agerikoa da baita, nahiz eta kultura, turismo, gizarte eta ekonomian ere baduen". Sareak Europan duen garrantzia handitzen jarraitzea espero du Hualdek: "elkarrekin lan egiten jarraitu behar dugu loturak eta entente sendo bat eraikitzeko, eskualde bakoitzaren berezitasunetik abiatuta indartsuagoak izaten lagunduko diguna".
Hualdek Ustarroz buru duen kofradiaren interesa eta lankidetza eskertu zituen, baita Mikel Garziandiaren prestasuna ere. "Nafarroa eta Sakana Europara begira jartzen dituen asmo handiko proiektua gauzatzeko ahalegina" egin dutelako. "Aralarko santutegia gure nortasunaren parte da, gaur egun Europari aurrez aurre begiratzen diona, bere egoera sozial, ekonomiko eta politikoagatik erreferente oso bat den Nafarroa baten baitan". Euroeskualdea, Pirinioetako Lan Elkartea eta hainbat foro sustatu dituztela gogorarazi zuen.

