Txirrindularitza

Isaac Del Torok ez du azkeneko hitza esan

Guaixe 2025eko maiatzaren 29a

Giroak irudi ikusgarriak uzten ditu. GIRODITALIA / @Z_W_PHOTOGRAPHY

Bezperan San Valentinon ahulezia erakutsi ondoren, Mortirolon nagusi izan zen UAE Emirates taldeko liderra eta garaipen handia lortu zuen. Carapaz da bere arerio nagusia Giroan

Alpeetako goi mendietako lehen etapa garrantzitsuan Isaac Del Torok maglia arrosari eutsi zion baina neke zantzuak nabaritu zitzaizkion. Krisialdia UAE Emirates taldean, Juan Ayusok eskuin belaunean dituen arazoengatik pott egin zuela gaineratuta. Askok mexikarra akabatuta ikusi zuten, baina inola ere ez. Hurrengo egunean, maiatzaren 28an, Mortirolo mitikoa gainditu zuten proban sendo aritu zen UAE Emirates taldeko zezena eta etapa garaipenarekin kolpea eman zuen mahai gainean, Giroa irabazteko hautagaien artean dagoela erakusteko. 4 segundo atera zizkion Richard Carapaz (Education First) bere arerio nagusiari, eta 15 segundo Simon Yates-i (Visma). Igor Arrieta 46. postuan iritsi zen, 12:29ra, talde lan sendoa egin ondoren. Uharte arakildarra indartsu ari da.

Sailkapen orokorrean Del Torok jarraitzen du maglia arrosarekin (65:30:34), 41 segundora Carapaz eta 51 segundora Yates dituela. Igor Arrieta 34. postuan dago, 1:25:41), talde lan bikaina eginda. 

Gaur, maiatzak 29, Giroko hemezortzigarren etapa jokatuko da, Morbegno eta Cesano Maderno artean (144 km). Trantsizio etapa da, gorabeheratsua, lehen zatian hirugarren mailako hiru portu, eta azken 44 km-ak lauak dituena, ihesaldietarako edo geratzen diren esprinterrendako aproposa.