Lakuntzetxe eraikinak hartu zuen Aralar historian zehar jardunaldiak. Adituen eskutik publikoak santutegiari buruzko hainbat arlotako ikuspegiak jaso zituen parte hartzaileak. Baina aurretik eta ondoren ere Aralarko santutegian izan zen mugimendurik.
Duela aste batzuk San Migel Santutegien eta Bideen Europako Sarearen topaketa hartu zuen Aralarko santutegiak. Batetik atera eta bestean sartu.
Hala da. Frantziako santutegi batzuetakoak bildu ginen, Normandiako Mont Saint Michel famatukoak barne. Italiarrekin harreman telematikoa izan genuen. Europako sare hori zabaltzeko lanean gabiltza. Aurten sarera Inglaterrako Kornuallesko irletako San Michael Mount santutegia sartu da.
Europar Kontseiluak sarea kultur ibilbide izendapena lortzeko lanean segitzen duzue?
Bai, horretan ari gara lanean, ea lortzen dugun. 2023ko garagartzaroan ezetza eman ziguten. Sarea zabalduz, nire ustez lortuko da.
Aralarko santutegiaren historiari buruzko nazioarteko jardunaldia hartu duzue larunbatean. Zeinek antolatu zuen?
Batez ere Xabier Irujo Ametzaga historian doktoreak. Nevadako Unibertsitateak Renon Euskal Ikergunea katedra dago. Berak halako kongresuak egiten ditu eta lotura gisa Asier Barandiaran Amarika filologoa dugu. Egitarau zabaleko eguna izan zen.
Zein zenhelburua?
Batez ere Aralarko santutegiko ondarea. Gainera, Irujok familia hemengoa du, eta beti San Migel inguruan izan dira. Euskal kulturan San Migelek badu bere garrantzia eta Irujok San Migel gai bakartzat hartu eta horren inguruan hainbat arloz aritu ziren.
Zer gai landuko dira?
Zamartzen eta santutegian egindako arkeologia indusketak, santutegiak Europan izandako garrantzia, historiari buruzko hausnarketa, artea (erromanikoa), kofradiaren historia, bertsoak eta Aralarri buruzko liburua aurkeztuko da. Kofradiarena Migel Angel Sagaseta Ariztegik artxibo lanak egin ditu eta testua idatzi du. Jose Mari Ustarroz Razkinek eman behar zuen hitzaldia, baina, tamalez, gure Joxe Mari hil zaigu. Hor dugu pena hori. Hitzaldia ordezko batek irakurri zuen. Arratsaldean Etxarri Aranazko parrokian organo kontzertua izan zen da eta gauean bertso afaria Zamartzen.
Zeini zuzenduta zegoen?
Edozein joan zitekeen. Gure kultura, historia eta ondarea zabaltzeko modu bat da. San Migelek duen ondarea ezagutzeko modua da.
Bestalde, Trinitate egunarekin, hilaren 15ean, beste hitzordu bat ere bada santutegian.
Lastailaren 26an hasi zen dena, santutegiko atea erre zutenean. Albaolako itsas faktoriako Xabier Agotek hots egin zigun esanez ate berri bat egiteko prest zeudela. Elkarlan bat hasi zen. Proiektua hazten joan da. Eta nola ekarri? San Joan baleontziaren errepika eraikitzeko bikea Burgosko Quintanar de la Sierratik Pasaiara idiekin eraman zuten 2016an. "Eta halako zerbait egiten badugu", esan zuten. Eta idiek tiratutako gurdi batean ekarriko dute ate berria. Etxarrira hilaren 13an, ostiralean, iritsiko da. Hurrengo egunean, larunbatean, Etxarri Aranaztik Uharte Arakilera joanen dira. Eta hilaren 15ean, igandea, santutegiraino eramango dute. Herrietara sartzean hots pixka bat aterako da, batez ere musikarekin, herrietan giro polit bat egon dadin. Hori prestatzen ari gara.
Igandean bertan jarriko da ate berria?
Eguerdirako iritsiko dira. Trinitate ermita berritu dugu eta haren aurreko aldean aldarea jarriko dugu, inguruan jendea jarriko da meza entzuteko 12:30ean. Hori da asmoa, ea eguraldiak uzten duen. Anaia, Mikel Garziandia Goñi, Palentziako gotzaina, egonen da. Ermita bedeinkatuko dugu. Meza bitartean ateak jarriko dituzte, horrela ez gara denak begira egonen eta lana lasai egiteko aukera izanen dute. Elizkizuna bukatuta atea bedeinkatuko dugu.
Eta horren guztiaren lekuko ez da izanen santutegia hainbeste maite duen Jose Mari Ustarroz Razkin.
Santutegira joan eta han zeuden eliza, San Migelen irudia, erretaula eta Jose Mari. Zenbat lan! Beti han, buru-belarri, igande guztietan. Negu eta udan oinez joaten zen, akaberan jada autoan. Baina beti hor zegoen. Hutsune handia utzi du halako gizon batek, beti San Migelen alde hainbeste lan egin duenak. Baina, jakina, beste lanak ere: Artzain Eguna, Idiazabal gazta jatorri izendapena... Hor dugu pena hori. Jose Mariri omenaldirik onena elkarrekin lanean segitzea izanen da. Hala eginez gero indarra dugulako, bakarka... Nahiz eta Jose Marik bakarka nahiko indar bazuen. Bere indarrik ez dugu eta elkarrekin egin beharko dugu lan. Eta laguntza eskatu, gauza horietarako beti jendea behar delako. Eta beti esandakoa, Aralarko santutegiko ateak denendako zabalik daude.