Astekaria

"Zulo, marka eta arrastoek erakusten dute atearen historia"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko ekainaren 17a

Hainbat arrazoirengatik, segizioak herritar askoren jakin-mina piztu du. ALBAOLA

Aralarko santutegiko ate berria idiz tiratutako gurdi gainean Pasaiatik ekarri zituzten. Ateaz badaki pixka bat Mikel Leoz Aizpuru Albaola itsas faktoriako itsas ondarean teknikariak.

Mundu berri baterako ateak proiektuaren barruan, Albaola itsas faktorian Aralarko santutegiko atearen errepika egin dute. Aitor Matxain itzainak gidatutako Tanke eta Txato idiak ari dira atea gurdi gainean Aralarrera ekarri dute. Pasaiatik garagartzaroaren 9an abiatu ziren. Zazpi egunetan 21 herri zeharkatu eta 86 km egin ondoren iritsi zen Aralarko santutegira ate berria. Bidean segizioak harrera ederra izan du pasa den herrietan. Eta atearen atzetik makina bat jende oinez ibili da. Erromesaldi hori egin duenetako bat Alfonso Garziandia Goñi da, santutegiko kapilaua. 


Mikel Leoz Aizpuru. ALBAOLA

Ontzigintzako zurgintza teknikak baliagarriak dira ate bat egiteko?
Ez bereziki. Normalean gure lanean, itsasontzigintzan, kurbak edonon daude beti. Kurbak eta biselak. Kurba batek beste batekin bat egiten duela. Ate batean, normalean, gauzak nahiko errektangeluak izaten dira. Atearen goiko ertzak kurba pixka bat egiten du, besterik ez. Beste guztia arotzeria arruntaren oinarrizko teknikak dira. 

Zergatik egin duzue errepika bat eta ez ate berri bat?
Eredua hor zegoelako, ezta. Ate hori erre zuten, baina oso ate sinplea eta sendoa zen. Ate horrek han iraungo zuen beste 100 edo 200 urte, ez dakit. Geroz, zergatik ez egin beste bat berdina? Gainera, esan ezin dena zein garaikoa den, pixka bat intenporala. Izan daiteke oraingoa, orain dela 200 urtekoa edo hemendik 200 urtetara berdin egiten badira. Guk eredu hor genuen eta hori jarraitu dugu. 

Jatorrizko atearen errepika egiteko lehen pausoa zein izan zen? 
Neurriak hartzea, noski. Eta ikusi nola zegoen egina, zer material behar ziren eta material horiek prestatzea: behar genituen egurrak, lodiera eta beste. 

Han bazenuten nahikoa material? 
Bai, bai, bai. Gainera, Sakanako egurra. San Joan baleontziaren errepika bukatzen ari gara, baina Sakanako egur arrasto batzuk gelditzen dira oraindik. Atera egiteko nahikoa baino gehiago. Beraz, bai, horretarako material bagenuen.  

Erretako atea maiatzaren 5ean eraman zenuten Albaolara. Zergatik? 
Erosoago lan egiteko. Guk errepika egin nahi genuen. Kasu honetan ate bat da, baina ontzi bat denean gauza bera egiten dugu. Gu horrela gaude ohituta: ongi aztertu, ondoren lehen bezain ongi egiteko. 

Beraz, Albaolan azterketa sakonagoa egin zenioten ateari. 
Bai, justu helburu horrekin, ondo jakiteko nola zegoen egina eta antzeko materialak edo berdinak erabiltzeko. Adibidez, iltzeak egurrean sartuta zeudela ikusi genuen. Antigoaleko iltzeak, noski. Ezin genituen berrerabili. Normalean errematxatuta zeuden. Hau da, iltzea sartu eta ondoren punta tolestu. Guk iltzea zuzentzen dugu, moztu behar dugu, barrura sartu eta, ondorioz, ez zuten balio. Horregatik guk berdinak egitea erabaki genuen. Hemen guk sutegi bat daukagu. Atea bertan izateak aukera eman zigun iltze horiek ateratzeko, aztertzeko eta berdinak egiteko.  

Materiala berrerabiltzeko aukera izan duzue?
Elementu batzuk bai, ez gu nahi adina. Esaterako, ateak halako burnizko txapa horizontal batzuk ditu. Eta barrutik trangak jartzeko gakoak eta holakoak. Eta atetako bi orrietako batek maratila bat zeukan, ireki eta ixten zena. Bada maratila horren egitura ere erabili dugu. 

Noiz hasi zineten atea egiten?
Ekarri eta berehala. Maiatzaren 5ean ekarri genuen eta hurrengo egunean. 

Zenbat zurgin lan egin dute atea berria egiten? 
Normalean bi. Hainbeste saltsatan sartuta gaudenez, ez dira beti berdinak. Egun batean bi zeunden, beste batean bat, ondoren beste bi. 

Sorpresa gutxi, ezta?
Bai. Batez ere ikusi dugu zulo, marka eta arrasto asko erakusten zutenak noizbait sarraila bat izan duela. Beste batzuekin ikusten da atea ixteko nola egiten zuten. Sistema desberdinak. Esaten duzu: "beharbada hemen bazeukaten..." Adibidez, bazeukan horrelako krisketa edo pestillo bat. Hori berdina jarri diogu. Ikusten da atearen historia, nola funtzionatu duen. 

Jatorrizko atea noizkoa den badakizue? 
Ez dakigu. Elementu batzuk aroztegi moderno batean mekanizatuak izan direla ikusten da. Moderno esan nahi dut XX. mendean. Noizbait. Baina ez dakigu 1910ean edo 1980an. Eta beste parte batzuk argi dago zaharragoak direla, baina ezin dugu esan noizkoa den atea. 

Hor geldituko zaizue erretako egurra. Horrekin zerbait egiteko aukera dago?
Bai. Otu zitzaigun egur horrekin San Joan itsasontzian bere elementu esanguratsuren bat egitea. Guri gustatuko litzaiguke itsasoan larritasunean gaudenean esatea: "beno, hemen daukagu San Migelen ateko puska bat". Beno, sinbolikoki behintzat, badakizu, San Migel zen infernuaren ateak ixten zituenak, eta nolabait txarra aparte, bazter batean, edukitzen zuena. Beraz, agian itsasoan gaudenean babestuko gaitu. Horrelako elementu bat egin nahi dugu. Baina ez dakigu zer izango den, baina, bai, egurra erabili nahi dugu. 

Zer neurri ditu ateak?
Altueran izango du 2,60 metro izanen ditu, eta zabalean atearen orri bakoitzak dauka 90 zentimetro. 

Zenbat pisatzen du?
Kalkulatu dugu orri bakoitzak gutxi gorabehera pisatuko dutela 140 bat kilo. Gehixeago ere bai. Alde bakoitzak, orri bakoitzak. 

Behin santutegira iritsita?
Fatxada kareharrizkoa da eta irregulartasunak ditu. Lehengoko atea horretara egokituta zegoen. Guk ere egokitu behar dugu. Izan ere, parte batzuk zabalago egin ditugu, jartzen dugunean ez esateko: "ai ze pena! Ez da iristen!". Beraz, bertan pixka bat zepilatu-eta egin dugu. 

Giltza berarekin zabalduko da?
Ateak ez zeukan sarrailarik, beraz, ez du giltzarik. Barrutik iristen omen zuten. Hor daude halako bi barra paretari lotuta, atearen kontra diagonalean jartzen direnak, kakotan sartuta. Horrela ixten zen atea. Eta berri hau berdin itxiko da ere. 

Atearen errepika egiten ari zinetela jakinda, bisita kopuruan zerbait nabaritu duzue? 
Kopuruan baino, jendea jakinda etortzen zen eta atea ikusi nahi zuten, non zegoen. Horrek oso aitzakia ederra ematen zigun guri proiektua aipatzeko eta, beti egiten dugun bezala, aipatzeko egur hori ere Sakanatik datorrela. Sakanatik, Pasaiatik pasata, Aralarko santutegira iritsiko da. 

Albaolan San Joan baleontziaren errepika egiten ari zarete. Zer fasetan zaudete?
Bukatzen. Udan biketzen edo kalapetatzen hasiko gara, hau da, oholen arteko junta guztiak iztupaz bete behar dira. Mazo batekin sartzen da. Nahiko lan berezia da. Ondoren, hori breaz estaltzen da. Uretara joateko prestatzen da. Horretaz aparte, barruko elementu batzuk ere egiten ari garenak. Eta horretan pasako ditugu hurrengo hilabeteak. 

Zein aurreikuspen dituzue?
Pentsatzen dugu udazkenean uretarako prest egongo dela. Ez daukagu oraindik datarik, baino prest dagoenean uretara botako dugu. Jakina, aurretik esango dugu, eta Sakanan ere jakingo duzue. 

Noiztik zabiltzate baleontziarekin? 
Eraikitzen 2014an hasi ginen. Baina, egia esan, 2011n planoak eta halako gauzak prestatzen hasi ginen. 

Gorpuztuta ikusita, pena hartuko duzue?
Ez, penarik ez. Badakigu guretako oso momentu hunkigarria izango dela uretara doanean. Baina hemen etengabe ari gara gauzak egiten eta, egia esan, hurrengo proiekturako prestatzen ari gara. Hau bukatu eta beste bat hasi. Esan behar da ere proiektua ez dela bukatzen, eraldatzen da. Zeren itsasontzia uretan dagoenean jarraitu beharko dugu lanean: mastak eta bergak-eta egiten, eta jartzen. Ontzia prestatzen, aparejatzen esaten zitzaiona. Ondoren, egun batean, itsasoratu ahal izateko.