Astekaria

Uraren kudeaketa eraginkorragoa egiteko

Guaixe 2025eko ekainaren 17a

San Joan plazako iturria. ARTXIBOA

Guztira 562 kontagailu daude, haietatik 562 zaharrak dira eta gainerako 25ak berriak dira eta udal eraikinetan daude. Urrutitik irakur daitezkeen kontagailuak jarriko dira. Eta ur sarean beste moldaketak eginen dira ere.

Uharte Arakilgo Udalak ur horniduraren kudeaketa eraginkorragoa izan dadin lau neurri ezarri nahi ditu. Lanak 262.506,31 euroko (BEZa barne) aurrekontua du eta finantzatzeko udalak Europar Batasunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko dirulaguntza izan du. Herriko  etxeetan dauden ur kontagailuak oso zaharrak dira eta ur kontsumoaren kalitate txarreko irakurketa egiten dute edo oso hondatuta daude. Ur kontsumoagatik etxe bakoitzean zenbat ordaindu behar den jakiteko kontagailuen irakurketak udal langile batek egiten ditu etxez etxe joanda. Batzuetan hiru aste ere behar izan ditu. Ur kontagailu gehienak metalezko kutxatiletan daude, etxeetako fatxaden parean. Baina ur kontagailu batzuk etxe barruan daude eta batzuetan jabeak ez dira etxean egoten. Eta ezarritako gainerako neurriekin ur kontsumoa aurreztu eta ur ihesak murriztu nahi ditu udalak.

Lanak 
Uraren erabilera iraunkorra egiteko eta uraren hornidura kudeatzeko prozesuak hobetzeko eta optimizatzeko beharraren ondorioz, Uharte Arakilgo Udalak beharrezkotzat jo du benetako kontsumoak modu fidagarri eta zehatzean ezagutzea. Alde horretatik, sarea monitorizatu eta kontrolatu ahal izateko hainbat neurri hartu behar dira. Helburu horiek lortzeko ezinbestekoak diren tresnen kalitatea handitzea beharrezkoa da. Horietako bat ur kontagailuak dira. Urrutitik irakur daitezkeen tresnak jarriko ditu udalak. Horretarako, irakurketei eta lotutako alarmei buruzko informazio seinalea bidaltzen duen kontagailua jarriko du, irrati modulu bana dutenak. Horrekin helburu bikoitza lortu nahi da. Alde batetik, fakturazio irakurketak egitea, eta, bestetik, horniduraren kudeaketa prozesuak optimizatzeko aukera ematen duten irakurketa gehigarriak egitea.

Bestetik, ur horniduraren sarea kudeatzeko Geografia Informazio Sistema jarriko du udalak. Horren bidez hoditeria guztietako elementuak non dauden jakinen da. Horrekin batera, ur sarea sektoreka banatuko da, sarera eta sektore bakoitzera zenbat ur joaten den zehatz jakiteko. Lau sektore izanen dira: Itxesia; Errekabitarte kalea, Trenbide kalearen zati bat, Itturpebide eta Iberralde kalea osatzen dutena; herri gunea eta Trenbide kalea, Zerradoa auzoa eta Sargaitz industrialdea osatzen dutena. Azkenik, telegestioa ezarriko da, ur hornidura egoki kudeatu eta optimizatzeko.


Ur sareak etorkizunean izanen dituen sektoreak. UDALA

Azkenik, Amurgingo ur hornidura hobetuko da. Amurgin errekatik Arruazu urez hornitzeko ura hartzen da. Zati bat Uharteko baserriendako da. Baina ura bideratzkeo punpak oso zaharrak dira eta ez dabiltza ongi. Bi berri jarriko dira.