Red Electrica de Españak Sakana zeharkatzen duten Orkoien eta Itxaso arteko zirkuitu bakarreko 220 kV-eko bi lineak kendu nahi ditu. Haien ordez linea bakarra jarri nahi du, Castejon, Muru Artederreta eta Itxao lotuko dituen zirkuitu bikoitzeko 400 kV-eko aireko linea. Proiektua aurkeztu ondoren, haren trazaduran lau udalerritan aldaketak egin nahi ditu, horien artean Uharte Arakilen. Zehazki lur sail batean aurreikusitako argindar dorre baten kokapena 40 metro mugituko du ur igarobide batetik urruntzeko. T-100 dorrea tokiz mugitzea ondoan duen T-101 pixka bat mugitzea ekarriko du.
Aldaketa proposamena jendaurrean dago eta dokumentazioa Uharte Arakilgo udaletxeetan kontsulta daiteke. Ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda publiko egin zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren garagartzaroaren 3ko zenbakian. Guztira 16 lur jaberi eragiten dio aldaketa, eta haietako bat udala da.
Egitasmoaz
Enpresak 400 kV-ko energia elektrikoa garraiatzeko aireko linea bat eraiki nahi du, zirkuitu bikoitzekoa, 92,484 kilometroko luzerakoa, Itxasoko, Muru Artederretako eta Castejongo azpiestazioak lotzen dituena. Linea hori goi-tentsioko energia elektrikoaren garraio-sarearen parte izan nahiko luke. Aipatutako linea elektrikoa "Plangintza Energetikoa. Energia Elektrikoaren Garraio Sarea Garatzeko Plana 2015-2020 ", 2015eko urriaren 16ko Ministro Kontseiluak onartua.