Astekaria

Erraldoia izan zen Uharteko txupinazoa

Guaixe 2025ko eka. 23a, 11:00

Konpartsaren 2011ko talde argazkia. ARTXIBOA

Uharte Arakilgo erraldoi konpartsako kideek piztu zuten festen hasierako etxajua. Konpartsak 25 urte bete ditu eta herriak bere ibilbidea aitortu eta esker ona azaldu nahi zion. 

Mari Carmen Oteiza Martinez konpartsako sortzaileak piztu zuen festen hasierako etxajua. Esan zuenez, "oso hunkituta" zegoen horregatik. Oteizak gogoraratu zuen konpartsaren hasiera "oso ilusionagarria" izan zela. 

Konpartsaren 25 urteurrenagatik pozik, ubertearrek konpartsari eutsi diotelako. "Azkenean konpartsa familia bat da. Elkarrekin une ezin ederragoak pasa ditugu. Oroitzapenean gordeak ditugu horiek". Erraldoiak "azkenean, zure seme-alabak bihurtzen dira" azaldu du barrez Oteizak. 

Aurretik konpartsan zeuden kideak uztea erabaki zuten, baina erreleboa hartu diete hamar bat ubertearrek, gehienak gurasoak dira. "Hasieran zeuden bi eramailerekin ikasi dute erraldoiak dantzatzen. Lau bat hilabete daramate ikasten", azaldu zuen sortzaileak. "Ilusioz hartu dute egitekoa, eta hori oso garrantzitsua da", gaineratu zuen Oteizak. Konpartsa berriko kideak erraldoiekin jendaurreko aurreneko dantzak garagartzaroaren 14an egin zituzten, eskolaren festan. Baina festetako mustutzea festen hasierako etxajua lehertu ondoren izan zen. 

Atzera begira
Herriko festak alaitzeaz aparte, Uharte Arakilgo herriaren izena hortik barna zabaltzeko ardura du erraldoi konpartsak. Mende laurdena bete du eta bere kideek egindako lanaren aitortza gisa, Uharte Arakilgo Udalak festei hasiera eman zien etxajua erraldoi konpartsako kideei botatzea eskaini zien. Figura erraldoiak presente zirela, erraldoi txiki eta buruhandiez lagunduta, piztu zuten etxajua. Adin guztietako ubertearrek parte hartu dute orain arte konpartsan. Eta denendako ateak zabalik daudela gaztigatu dute.

Joan zen mendekoa 60ko hamarkadan Uharte Arakilek bazuen erraldoi konpartsa. Etxarri Aranazko Udalari utzi zizkioten hango festan dantza zezaten. Orduan Etxarri Aranatzen festak lastailean ziren, egungo feriak. Erauntsi batek harrapatu zituen erraldoiak eta harri-kartoizko irudiak hondatuta gelditu ziren, konpondu ezinda.

Itzulera
Orduan txikiak ziren ubertearren oroimenean gordeak zeuden erraldoi haien oroimena. Haietako bat Mari Carmen Oteiza zen, eta 2000. urtean kultura eta festen zinegotzia zena. Udalak pentsatu zuten erraldoi konpartsa berreskuratzea. Horretarako ubertearren garai bateko festetako argazkiak begiratu zituzten. Haietako batean errege-erreginak ageri ziren eta haien errepika egitea erabaki zuen udalak.  Baina izen berriak eman zizkieten: Mikaela eta Donato, Aralar eta Beriain mendiei erreferentzia eginez. Bi buruhandi ere bazituzten hasiera hartan: sorgina eta deabrua, harri-kartoiz eginak. Lau hamarkadaren ondoren Uharte Arakilen konpartsa zuen. Zazpi kiderekin hasi zen, haietako sei eramaileak.

Ubertearrek Irurtzungo konpartsakoak dituzte aita-ama pontekoak. Irurtzundarrekin ikasi baitzuten erraldoiak eramaten eta dantzatzen. Aldamenean izan dituzten besteak Etxarri Aranazko gaitariak dira, beti haien doinura dantzatu bai dute. Uharte Arakilgo konpartsaren lehen irteeran erregeak lehen aldiz Juan Carlos eta Antonio Astizek dantzatu zituzten. Konpartsaren lehen agerraldia  hartan Pedro Ansa eta Migel Zubieta omendu zituzten, lehen konpartsako erraldoiak dantzatzen aritu zirelako. Lehenengo irteera hartan, gainera, erraldoiak Galtxorratz taldeko dantzariekin aritu ziren.

Konpartsak bi urte bete zituenean, 2002an, kide kopuruak gora egin zuen, bi erraldoi izatetik lau izatera pasa zen Felipe Gorriti Osanbela konpositorea eta Jauregiko Martija XVI. mendeko emaginaren erraldoiak. Haiekin batera erregina txikia, Txiki, iritsi zen. Guztiak beira-zuntzez eginak. Badira erraldoi txiki gehiago herrian, eta festetan konpartsarekin batera ateratzen dira. Horrek, jakina, zaletasuna eta konpartsarako harrobia egiteko modua ematen du.

Gerora etorri ziren beste lau buruhandi ere: indiarra, drakula, beltzarana eta panplonika. Aurreneko biak harri-kartoizkoak, beira zuntzez eginak atzeneko biak. Gainera, beltzarana eta panplonika aurretik zeuden buruhandi batzuen errepikak dira. 

Bere ibilbidean zehar Uharte Arakilgo konpartsak herriko mugak hainbatetan zeharkatu ditu. Arakilgo Egunean hainbatetan izan da, Itxasperrin. Etxarri Aranazko festak ere ezagutzen ditu konpartsa ubertearrak. Sakanatik kanpo ere izan dira, esaterako Funesen edo Uharte Iruñean.