Eskolan lanak egiten hasiko dira

Guaixe 2025eko ekainaren 26a

Lanak egin ondoren eskolak izanen duen itxura. UDALA

Energia birgaitzeko lanek 145 egun iraunen dute.

Uharte Arakilgo Udalak ikastetxe publikoaren eraikineko inguratzaile termikoaren birgaitze energetikoa eta energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak ikasturtearen akaberarekin batera hasiko ziren garagartzaroaren 20an, eta azaroaren 10erako despedituta egon beharko dute. Obra Abilita Construccion y Rehabilitacion SM enpresak eskuratu du 529.367,65 euroren (BEZ barne) truke. Obra finantzatzeko udalak titulartasun publikoko eraikinak birgaitzeko berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planaren berroneratze programaren eta erronka demografikoaren esparruko dirulaguntza du, Dus 5000 programaren dirulaguntza du. 

Lanak eginda, eskolako energia eskaera eta kontsumo murriztuko da. Gainera ikastetxearen energia kalifikazioa gaur egungo D mailatik B izatera pasako da. Udalak ikastetxe publikoan hainbat lan egitea aurreikusi du. Batetik, fatxadetan kanpoko isolamendu termikoa bermatzeko poliestireno hedatuzko 20 cm-ko geruza jarriko da, mortero akrilikoz estalita egonen dena. Teilatuak ere isolatuko ditu, batean zelulosa sartuz, bestean manta termikoa jarriz. Horrekin batera, sotoko forjatuan isolamendua jarriko du. Gainera, leihoak aldatu eta pvc-zkoak jarriko ditu. Aldatuko diren besteak eskolako argi guztiak izanen dira, kontsumo gutxiko beste batzuek jarriko baitituzte. Aldi berean, kontrol eta erregulazio sistemak jarriko dira eskolan, energia egoki banatu eta bere erabilera optimizatzeko. Besteak beste, gela guztietan termostatoak jarriko dira, sotoan izan ezik. Azkenik, berokuntza sistemaren sektorizazioa eginen da.

Plazara ematen duen eraikina, eskolaren zatirik zaharrena, 1968an eraiki zuten. Gerora aldeetan handitu egin zuten. Ekialdeko eraikina, frontoiaren parekoa 1986koa da.