Karlos III.aren eta Orreaga etorbideen arteko elkargunean dagoen Entzierroaren monumentuaren oinarrian XX. mendea hasi zenetik entzierroan hil diren hamasei korrikalarien izenak eta hil ziren urtea jarri ditu Iruñeko Udalak. Horien artean dago Vicente Risco Sierra ubertearrarena. Salvador Guardiola Fantoni abeltegiko Antioquio zezenak sabelean adarkatu zuen zezen plazan. Zezenak Risco askatu zuen, baina, atzera ere, bere kontra egin zuen eta inork ezin izan zuen ezer egin, zezen plazako erizaindegian bertan hil zen 1980ko garilaren 13an. Zezen berak udaletxe plazan harrapatutako beste korrikalari bat ospitalean hil zen egun berean.

Oroitzapenezko idazkunen mustutze ekitaldia garagarrilaren 26an egin zuen Iruñeko Udalak. 2023ko abenduan udalak entzierroan hil direnen izenen plakak jarri zituen entzierroaren ibilbideko galtzada-harrietan, baina irristatzeko arriskua zegoenez, kendu zituzten. Horren ordez, Iruñeko Udalak Entzierroaren monumentua hautatu du hildako 16 gizonezkoak oroitarazteko. Idazkunak granitozko idulkiaren gainean jarri dituzte, monumentuaren alde batean, hiriko armarriaren ondoan; hala, eskulturak protagonismoa izaten jarraituko du, eta espazio bakar batean sanferminetako ohiko irudi bat eta hiriko eredu den lasterketa horretan hil direnen oroitzapena bateratzen dira.