Astekaria

Sufrituta, baina Val d´Aranen bigarren

Maider Betelu Ganboa 2025eko uztailaren 16a

Amaia Razkinek, helmugara iristerakoan, ezkila jo zuen. HOKA VAL D´ARAN BY UTMB

Amaia Razkin Medranok Hoka Val d´Aran by UtMB lasterketan lortutako bigarren postuari esker, 2026ko Chamonixeko CCC Ultra trailerako txartela lortu du. Beroarekin eta kazkabarrarekin "asko" sufritu zuen, baina erronka gauzatu zuen

Amaia Razkin Medranok uztailaren 4an Hoka Val d´Aran Py renees by UTMB ultra trailean parte hartu zuen, UTMB Ultra Series txapelketarako baliagarria den Camins d´Her 110 kmko lasterketa ikusgarrian (6400 m+ desnibela). Uharte arakildarra, meritu handiz, bigarren sailkatu zen.

Probak denetatik izan zuen. Antolakuntzak lasterketa 103 kmtara laburtu behar izan zuen, ekaitz elektrikoak iragarri zituztelako. “Colomèrseko azken zatia laburtu zuten, eta azken gailurra igo gabe utzi zuten”. Hala ere, 103 km oso gogor zituen aurretik.

Chamonix buruan
Razkinen helburua Top10ean sailkatzea zen, lehen 10 postuetan sailkatuz gero UTMB Ultra Series txapelketarako baliagarria den 2026ko Chamonixeko CCC Ultra Trailerako dortsala zuzenean lortuko lukeelako. “Asmo horrekin joan nintzen. Denbora batzuk jarrita nituen, eta proba nahiko ondo atera zen. Ez nuen espero, ez nik ezta inork ere, baina bi garren geratu nintzen. Ongi”.

"Hasieran bero handia, ondoren kazkabarra, hotza. Asko sufritu nuen"

Azken 10 km madarikatuak
Ongi baino hobeto, egia esan. Mari Klakegg Fenre norvegiarrak irabazi zuen proba (12:31:45), Amaia Razkin bigarren izan zen (14:12:08) eta Elodie Pierre frantziarra hirugarren (14:24:05). “Klakeggena harrigarria izan zen. Bakarrik irteera puntuan ikusi nuen. Gainontzekoak bai no koska bat gorago zegoen, argi dago”. Uharte arakildarrari sufritzea tokatu zitzaion, probak denetarik izan zuelako. “Hasieran bero handia egiten zuen; eskerrak hornidura gune pilo bat zegoen. Gero kazkabarra hasi zen, euria... denetatik. Hotza pasatu nuen, baina zati hori nahiko erosoa zen, ez zen oso teknikoa. Hala ere, nahiko pisutsua egin zitzaidan, hotzagatik hankak lokartzen hasi zirela nabaritu nuelako. Baina tarte hori gainditu nuen, eguraldia aldatu zen eta gero hobera joan zen”. Benetako infernua azken 10 km-koa izan zen. “Azken 10 kilometroek 700 metroko desnibel positiboa zuten. Banekien tarte horretan asko sufritu behar nuela, eta hala izan zen: izugarri sufritu nuen. Uneoro atzera begira egon nintzen, hirugarren zetorrenak harrapatu behar ninduela uste bainuen. Azken momentura arte, ez nuen sinetsi, azken igoera oso luzea egin zitzaidalako. Denbora asko galdu nuen bertan eta deseroso aritu nintzen, baina bigarren postuari eutsi nion” aitortu du. Azken une hori izan ezik, “nahiko gustura” ibili zela azaldu du.

Ibilbidean barna gurasoen eta Bartzelonan bizi den ahizparen babesa izan zuen, une txarretan ederki eskertuko zuena. Val d´Haraneko lorpena "asteburuan ospatuko dut, sanferminetan".

Hurrena, Ultra Trail Guara
Chamonixeko CCC Ultra Trailerako dortsala eskuratuta, Amaia Razkinen hurrengo erronka urriaren lehen asteburuan jokatuko den Huescako Ultra Trail Guara Somontano (82 km, 4700 m+) da. “Orain, erotu gabe, eta lasai hartuta, Guara prestatuko dut. Ea sentsazio onak ditudan eta disfrutatzen dudan, hori da garrantzitsuena”.