Uharte Arakilgo Udalak Larrabieta frontoian egin beharreko lanak emateko deialdia egin du. Lanek 144.033,87 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Kontratua bereganatu nahi duen enpresak bere eskaintza garilaren 24 12:00ak arte aurkez dezake. Obra bere egiten duenak 84 egun izanen ditu egitekoak despeditzeko.
Eginen den lanetako bat teilatua berritzea izanen da. Dagoen teilatuaren gainean metalezko txapa jarriko da. Haren azpian, isolatzaile moduan, arroka-zuntza paratuko dute. Teilatuko kaldorretik gertuago jarriko dituzte argi-zuloak. Polikarbonatoko plakak izanen dira eguzki argia sartzen utziko dutenak. Txapa horiek teilatua baino pixka bat altuago jarriko dira frontoian haizea sartzeko. Hegaztiak ez sartzeko zulatutako txapak jarriko dituzte haren ertzetan. Bestalde gau egungo 400 w-ko halogenuro fokuak 240 w-ko LED argiengatik ordezkatuko da.
Larrabieta frontoia 1988an eraiki zuen udalak. 2003an bi aldagelak (hamarna pertsonarendako), taberna eta harmailak (191 ikuslerendako) egin zituzten. 2020. urtean mantentze lanak egin zituzten teilatuan eta barruko aldea margotu zuten.