Uharte Arakilgo Udalak eskola birgaitzeko lanak Abilita Construccion y Rehabilitacion SM enpresari eman dizkio 529.367,65 euroren (BEZ barne) truke. Lanak eginda, eskolako energia eskaera eta kontsumoa murriztuko da. Gainera, ikastetxearen energia kalifikazioa gaur egungo D mailatik B izatera pasako da. Bestalde, eskolan 30kwn-eko behe tentsioko instalazio elektrikoa egiteko eta eguzki plakak jartzeko kontratua Eseki LSAri eman dio udalak, 30.014,59 euro (BEZ barne) ordainduko ditu. Azkenik, eskolan biomasa galdara jartzeko lanak ere eginen dira. Hiru lanek finantzatzeko udalak Dus 5000 programatik dirulaguntza bana jaso du.
Bestetik, San Joan plazan, iturriaren eta eskolaren arteko espazioan, autoek non aparkatu dezaketen zehazteko marrak margotu ditu zoruan. "Inguru hori antolatu nahi izan dugu, nolanahi aparkatutako autoekin eskola garraioko autobusak arazo dezente zituelako buelta emateko. Banaketa enpresetako furgonetek eta Hondakin Zerbitzuko kamioiek ere arazoak zituzten handik pasatzeko", azaldu du Txomin Uharte Baleztena alkateak. Gaineratu duenez, "eskolako lanengatik ez dira ikastetxe pareko aparkaleku plazak margotu". Lanak despeditzen direnerako utzi du egiteko hori Uharte Arakilgo Udalak.
Aurki hasiko direnak Itxesi eta Errekabitarte kaleetan aurreikusitako lanak dira. Construcciones Oses enpresak eskuratu du kontratua 540.000 euroren truke. Lanak finantzatzeko, Lurralde Kohesiorako Departamentuak Toki Inbertsioen Planeko 200.000 euroko dirulaguntza du udalak. Langileek, zehazki, Itxesi kalean herria urez hornitzen duen sareko hodia aldatuko dute. Gaur egun dagoena mikrozementuzkoa da eta plastikozkoa jarriko da haren ordez. Gainera, bi kaleetan gaur egun euri urak eta ur beltzak sare berdinera doaz. Euri asko egiten duenetan horrek araztegian eragina du. Bi isuriak bereizi eginen dituzte, bakoitzarendako sare bana eraikiz.