Txirrindularitza

Igor Arrietaren lehena

Guaixe 2025eko uztailaren 28a

Igor Arrieta, Guillermo del Toro eta Antonio Morgado taldekideekin, Ordiziako podiumean. ORDIZIAKO KLASIKOA

Uhartearrak Ordiziako Klasikoa irabazi zuen, Guillermo del Toro taldekidearekin erakustaldia emanda eta profesional gisa bere lehen garaipena lortuaz. UAE Emirates taldearen nagusitasuna erabatekoa izan zen

Uztailaren 25ean jokatutako 102. Ordiziako Klasikoan UAE Emirates taldea izan zen protagonista handia. Taldeak goitik behera kontrolatu zuen lasterketa. Ohi denez, hasieran denetariko erasoak izan ziren, saiakerak, baina helmugarako 30 kilometroren faltan tropela bildu egin zen eta hor hasi zen UAE-koen erakustaldia. 

Igor Arrietak erasoa jo zuen Abaltzisketako bosgarren eta azken igoeran, eta soilik Simon Carrek (Cofidis) jarraitu zion. Baina Guillermo del Toro UAE-ko lider mexikarrak atzetik aurrera egin eta di-da batean harrapatu zituen, buruan jarri, eta Abeltzisketa gainera bakarrik iritsi zen. Del Torok Arrieta taldekidea eta laguntzaile fina itxaron zuen, eta jaitsiera biak batera egin zuten, helmugara elkarrekin iritsita. Del Torok ez zuen etapa garaipenagatik borrokatu, eta cm gutxi batzuen aldearekin nagusitu zen Arrieta (3:50:23). Hirugarren euren taldekide Antonio Morgado sartu zen, 16 segundora. UAE Emirates taldearen nagusitasuna ikaragarria izan zen. Del Torok opari ederra egin zion Arrietari, Giroan uhartearrak horrenbeste lagundu izana bikain eskertuz. 

Iker Mintegi (Euskaltel Euskadi) 52. postuan sailkatu zen, 3:29ra. 

Eskertuta
Igor Arrietak azaldu zuenez, “irabaztea, eta etxean, gainera, oso hunkigarria izan da, egindako lan eta esfortzu guztia konpentsatzen du”. Garaipenagatik “oso pozik” azaldu da uharte arakildarra, eta esker oneko hitzak izan ditu. “Eskerrik asko garaipen honetan lagundu didazuen guztioi eta talde osoari nigan erakutsitako konfiantzagatik” azaldu du.

Argazkiak: Ordiziako Klasikoa eta UAE Emirates.