Udako unetxoak

"Festen nahaste-borrastearen erdian parentesi bat da"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko abuztuaren 1a

Título 1698786

Udarekin batera festak iristen dira Uharte Arakilera. Ospakizunetako ekitaldi bereziena du gustukoen Joana Ijurko Riscok: suen piztea.

Uharte Arakilgo San Joan festekin batera hasten da uda Joana Ijurko Riscorendako. Garaiaren berezia azpimarratu du: "ikasturtea bukatzen da. Etapa baten itxiera da: eskola bukatzen da, etxean jai eta uda giroa sumatzen da, nahiz eta ni lanean jarraitzen dudan". Gaineratu duenez, "etapa baten akabera den moduan, beste baten hasiera ere bada. Zeren jarraian San Joan festak ditugu eta hor dago nire udako momentu gustukoena". Festa guztiak baino gau jakin batera mugatu du bere udako momentua: San Joan bezperako gaua. Udako solstizioa ospatzen den gaua. Udari hasiera ematen dion eta kalean suak pizten diren gaua da, beraz, Ijurkorendako udan gogokoen duen unea. "Errito hori ospatzea gustatzen zait", aitortu du ubertearrak.

Udako solstizioko ospakizunek Uharte Arakilen zein forma hartzen duten galdetuta, esan du "oso xumea" izaten dela. "Erreka kalean suak pizten dira. Normalean, toki beretan, etxe jakin batzuen parean. Gu su zehatz batera joaten gara, lagunartean egoteko". Suak piztea 20:00ak aldera izaten da. Sua dagoenez, "bakoitzak jateko zerbait eramaten du eta sutan prestatzen dugu, afaltzeko". Txistorra, urdaia eta halakoak izaten dira afariko menua. "Afari erabat informala da. Bakoitzak nahi duena eramaten du. Tripa pixka bat bete eta listo. Haurrak jaten handik edo hemendik ibiltzen dira. Gu ere bueltaka ibiltzen gara". Afari informal horretan ez da postrerik izaten. "Baina jatekoa bulkatzeko edatekoa eramaten dugu", zehaztu du ubertearrak.

Afari legea eginda, Erreka kalean piztuta egoten diren sei edo zazpi su majoren gainean saltoka ibiltzen dira ubertearrak. Horri ilunduta dagoenean ekiten diote. "Orduan hasten da jai giroa". Zanpantzarra ere ateratzen da. Herri guztia ibiltzen da su gainean saltoka. "Denak, bai", nabarmendu du Ijurkok. "Su handiagoak ausartagoak direnak saltatzen dituzte. Beste batzuk garren tamaina jaistera itxaroten dugu eta orduan egiten dugu salto. Baina denek egiten dugu". Ijurkok hirutan egiten du su gainean salto. Halakoetan ez du ezer berezirik esaten. "Baina Etxarri Aranazko amiñak esaten zuen: zorriak eta partzak kentzeko".

Ijurkok azaldu duenez, "23:30 aldera, edo gauerdian, jendea plazarantz mugitzen hasten da, dantzaldira". Zeren udako solstizio ospakizuna festen ospakizunekin nahasten da Uharte Arakilen. "Festen nahaste-borrastearen erdian parentesi bat da. Ondoren, berriro, plazan musika-eta egoten dira".

Oroitzapenak
Ubertearrak azaldu duenez, "Erreka kalean ospatzearena azken urteetako kontua dela uste dut. Lehen auzoetan egiten zen. Apika, oraindik ere auzoetan, bakoitzak bere kalean egiten dute, ez dakit". Garai batean suaren erritoa auzoan, Itxesian, bizi izan zuen Ijurkok. "Gurasoekin eta auzokideekin elkartzen ginen gau horretan. Asko ginen auzoan. Adin guztietakoak nahastuta egoten ginen. Ume asko geunden. Beste modu bateko ospakizuna zen". Ogitartekoarekin kalera atera, afaldu eta luze ibiltzen ziren. Txikitan gau hartan etxera joan beharra penaz hartzen zuen Ijurkok. Lehen auzokidekin, orain lagunekin ospatzen du.

"Argiteria publikoa itzaltzen dute; dena ilunpetan dago eta bakarrik suak ikusten dira"

Aurtengo solstizio ospakizunean "giro eta eguraldi polita zegoen. Lasai-lasai eta txintxo-txintxo umeekin batera gauerdian etxera joan nintzen". Ospakizuna Ijurkok kolore betltzarekin lotzen du. "Gauaren iluntasunaren zain egoten gara. Gainera, polita da, zeren argiteria publikoko argiak itzaltzen dute. Dena ilunpetan dago eta bakarrik suak ikusten dira. Polita da". Gau horretan Uharte Arakil itxuraldatzen da. "Itxura berezia hartzen du". Gau horretan bizitakoak urtean zehar gogoratzen ditu. 

Aurtengo udako bere unetxoa pasa da Ijurkorendako. "Gainera, uda aurrera doa. Berehala pasatzen da, ziztu bizian doa". Ez du penarik "unetxoa" pasa delako, "hortik aurrera ere asko gozatzen dut. Uda gustatzen zait". Esan duenez, "uda, oporrak, San Joanak-eta iristeko irrikitan" egoten da.