Aralar Mendi elkarteak Jose Mari Ustarroz Razkin omendu zuen Artzain Egunean. Haren alabak, Miren eta Edurne, artzainen makilekin osatutako arku baten azpian jaso zituzten. Makilei eusten gazten epaimahaikideek eta artzaintzari lotutako hainbat lanbideetako kideak zeuden. Erdian Ustarrozen argazki bat zegoen. Aralar Mendiko presidente Roberto Jakak omendua gogoratu zuen, eta bere dedikazioa eta konpromisoa nabarmendu. Bestalde, Jose Mari Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Iñaki Idoate Alhambra jatetxeko kidea, Zacarias Puente Kantabriako Gazten Kofradiako kidea eta Miriam Molina Idiazabal jatorri izendapeneko gerenteak ere hitza hartu zuten. Ohorezko aurreskua dantzatu zuten bi dantzarik. Horretaz aparte, Ricardo Goikoetxea artzain eta Ustarrozen lagunak Pantxoa eta Pelloren Azken dantza hau abestia eskaini zion, eta haren lagun eta Artzain Eguneko aurkezle Luis Mari Bengoak tronpetarekin Agur Jaunak jo zuen.
Eguerdian ere zendutako beste bi gizon omentzeko tartea hartu zuen Aralar Mendi elkarteak. Batetik, Iñaki Gorostidi artisaua. Bestetik, Fermin Leizaola etnografoa. Azken hori Aranzadi zientzia elkarteko etnografia departamentuko zuzendaria izan zen. Gainera, Artzain Eguneko gazta txapelketako epailea izan zen hainbatetan. Bien familiek oroigarriak jaso zituzten.
Ustarrozen izena hartu duen gazta txapelketara 21 gazta aurkeztu ziren. Puntu gehien Infernu Gasna-Kortaria izan zen. Sei gazta onenen artean bi sakandar sailkatu ziren: Arruazuko Albi hirugarrena eta Dorraoko Utxama laugarrena. Dorrobarrek ere era ekologikoan egindako gazta onenaren aitortza jaso zuten. Gazta irabazle erdiaren enkantea egin zen ondoren eta 4.950 eurotan erosi zuen Jamones Romerok.
Arratsaldean, artzain txakurren lehiaketan Jesus Razkin etxarriarrak bere txakurra ederki gidatu zuen eta txapela jantzi zuen. Atzetik sailkatu ziren Jorge Oteiza eta Javier Fernandez. Hiru artzain nafarrekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako artzain bana ere lehiatu ziren. Arratsaldeko lehiaketan Ustarrozez aparte, Antonio Alustiza omendu zuen Aralar Mendi elkarteak. Izan ere, aresoarra artzain txakurren txapelketan 37 alditan parte hartu zuen eta 22tan irabazi. Gainera hirutan irabazi zuen Euskal Herriko txapelketa eta Oñatiko nazioarteko txapelketa.
Berritasunak
Aralar Mendi elkarteak ez zuen herri bazkaririk antolatu aurten. Hala ere, bere egoitzan ogitartekoak erosteko aukera izan zuen jendeak. Gainera, Erreka kalean food truck edo janaria prestatzeko kamioi bat izan zen. Han sukaldari batek jakiak nola prestatzen ziren erakusteaz aparte, Reyno Gourmet produktuekin egindako pintxoak eskaini zituen. Aldamenean, arkume zatiak zikiro erara erre zituen.