Agorrilaren 7an edo harengandik gertuen dagoen igandean ospatzen da Beriainen San Donatoko erromeria. Egun horren aurretik, urtero, Beriain San Donato Berrikuntza Taldea ermitan mantentze lanak egiten ditu eta txukun uzten du. Taldea duela 20 urte sortu zen, ermita erabat zaharberritu zenean. Taldekideek adierazi dutenez, mantentze lanen "gure konpromisoarekin jarraitzeko, laguntzailea goiburua eta gure logoa duten txapa batzuk egin ditugu, eta 2 euroan salgai jarriko ditugu". Jakinarazi dutenez, Uharte Arakilgo plazan erosi ahalko dira asteburuan, kilometro bertikala jokatzen den bitartean. Taldekideek sakandarrei laguntza eskatu diete "txoko hori zaintzen eta babesten jarraitu ahal izateko".

Bestalde, duela 20 urteko ermitaren zaharberritze lanak jasotzen dituen bideoa egin du taldeak. Iraileko bigarren asteburuan Ollon eman zuten. Emanaldia Txurregiren magalean dagoen herriari eskerrak emateko modua izan zen. Izan ere, Uharte Arakilek urtero antolatzen duen erromeriarekin baldintzarik gabe parte hartzen du Ollok, "eskuzabaltasuna, kafea eta pastak eskaintzen dizkigutelako, eta berreraikitzen laguntzen digutelako".
Lan haiek egin zirela gogoratzeko beste modu bat lastailaren 11n Uharte Arakilen eginen den bazkaria izanen da. Orduko "lorpenak elkarrekin gogoratzeko eta ospatzeko aukera izango da. Horregatik, gonbidapena luzatu nahi diegu proiektu honetan parte hartu duten guztiei".