Astekaria

"Lehia baino gehiago ongi pasatzea da kontua"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko irailaren 29a

Igandean parte hartu zuen kuadriletako bat. UTZITAKOA

Ubertearrek udaren hasieran eta akaberan dituzte festak. Azken horien barruan kuadrillen arteko lehia dute. Urko Gorriti Astiz antolakuntza taldekoa da.

Lau eguneko ospakizunak dira Uharte Arakilgo sanmigelak. Festetan kuadrillen arteko erronka izan zen. 

Zer da kuadrillen arteko lehia?
Festa Batzordeko bilerara ez da jende asko joaten. Han geunden gazte taldea konturatu ginen igande arratsaldean gauza askorik ez zegoela. Nola bete pentsatzen hasi ginen eta ikusi genuen aukera polita zela kuadrillen arteko lehiaketa bat antolatzea. Betiko herri kiroletan neurtuko gara: koxkol biltzea, txingak eramatea, laster egitea, zakua eramatea eta sokatira. 

Aurtengoa jokatzen den aurreneko aldia da?
Bai, estreinakoz eginen da kuadrillen arteko herri kirol lehia. Aurretik izan dira ubertearren arteko pilota partidak edo apusturen bat. Askotan eskatzen diogu udalari, esaterako, aizkolariak edo herri kirolak kanpotik ekartzeko. Baina nabarmena da: bi ubertearren arteko pilota partida jokatzen bada ikusle gehiago daude kanpoko pilotarien partida batean baino. Horregatik proposatu genuen kanpotik zerbait ekarri beharrean guk geuk egitea. Azkenean, ubertearrek nahiago dituzte herritarrak ikusi kanpotik etortzen direnak baino. Hori kontuan hartuta guztiok parte hartzeko deia egin genuen. Arratsaldea betetzeaz aparte, ongi pasako dugu, giro ederra sortzeko. 

Zein zen igandeko plana?
Lehenik kuadrillek bat egin zuten bazkarian. Makarroi-jana egin genuen elkarrekin plazan. Segidan kuadrillen arteko lehia jokatu zen. Horrela, festetako igande arratsaldeko zati handi bat bete genuen. Kontua da girotzea, denok batera ibiltzea, ez nor bere alde. Elkarrekin gustura bazkaldu eta, ondoren, lehia baino gehiago ongi pasatzea da kontua, bai parte hartzaileak, bai ikusleak. Lehia bilatzen baino jendea ongi pasatzeko asmoz antolatu da. 

Kuadrillek zenbat kide izan behar zuten? 
Sei. Sei kuadrillek eman genuen izena. Osaerari dagokionez, kuadrilla batzuk neska-mutilez osatuta zeunden, bakarren batean ia dena neskak eta beste batzuetan dena mutilak.  

Kuadrillek fitxaketak egin zitzaketen?
Ez, denak kuadrilla berekoak izan behar zuten. Izena eman zutenen artean hala zen. 

Bakarren bat aurretik entrenatu zuen?
Hori ziur. Batzuk oso serio hartzen dute, beste batzuk patxadaz. Batzuk egunera arte ia ez dute kirolik egiten, eta beste batzuk entrenatzen, ongi egiteko. Hala izaten da. 

Epailea?
Epaile izateko bere burua aurkeztu zuen ubertear batek. Gizon hori kinta eta adin guztietako herritarrekin ongi moldatzen da. Hori ona da, eta neutro jokatzeko aukera ematen dio.  

Saririk bada?
Zer edo zer eman genien txapeldunei. 

Izena emateko epea noiz itxi zenuten?
Azken momentuan. Adinak berdin zion. Azken finean, Uharte Arakil moduko herri txiki batean parte hartzea garrantzitsua da. Festa politak egin nahi baditugu, garrantzitsuena ez da kanpotik ekartzen ditugun gauzak, baizik eta han gaudenak parte hartzea eta girotzea. Zenbat eta gehiago parte hartu, giro politagoa eta harreman estuagoa egiten dugu herri guztiaren artean. Hori polita delako, merezi du parte hartzea. 

Segida izanen luke?
Aukera polita da ohitura bihurtu eta segida ematea.