Gazte asanbladak festei irailaren 26a, ostirala, gehitu zien eta ordutik festa giroa izan da nagusi ubertearren artean. Hurrengo egunean piztu zuten udaletxetik festen hasierako etxajua. San Miguel eskolako komunitateak izan zuen horretarako ardura. Miren Aranguren, Eider Garziandia eta Souleiman Jerra ikasleekin batera, guraso elkarteko ordezkariek eta Amaia Mendizabal Iraola zuzendaria izan ziren ardura hori hartu zutenak. Eskola komunitatearen izenean "sutsuki" eskertu zuten eskolari eta bere ibilbideari egindako eskertza.
Udaletxeko balkoitik jakinarazi zuten 1915ean udaletxeko gela batean eskolak eman zituztela. Eta 1955eko irailaren 10ean gaur egungo ikastetxea mustu zutela. Efemeride hori gaur egun eskola birgaitzeko egiten ari diren lanekin lotu zuten. Eta eskertu egin zuten "eskolan lan egin duten eta ari diren ikasle, irakasle eta familia guztiek egindako lana". Azaldu zutenez, eskola "lagunen bilgunea, ezagutzaren atea, jakintzaren sukaldea, herrien elkar hartzea, euskararen hauspoa, ametsen sorlekua eta bizitzaren altzoa da".