Makina bat tokitatik joandako jende ugarik bat egin du Aralarko santutegian goizean zehar. San Miguel egunez harako bidea hartzeko ohitura du jende ugarik. Santutegira joan diren goiztiarrenak 09:00etako mezan izan dira. Ondoren elizkizunak 10:00etan, 11:00etan eta 12:30ean izan dira. Azken hori, meza nagusia da eta Mikel Larranbebere bikario nagusiak eman du. Fededunen emaria ez da arratsaldean etengo eta 17:00etan eta 18:00etan elizkizunak izanen dira haiendako.
Jende pilaketa dela eta aparkalekua txiki gelditu da, eta bide bazterretan ibilgailua aparkatu behar izan dute hainbatek. Bestalde, santutegira iritsi aurretik azoka batekin topo egiten du jendeak, hamar bat salmahai jarri dituzte ekoizleek.