Espainiako elite mailako Alejandro Valverde hautatzaileak irailaren 29an argitaratu zuen Europako Txapelketetan lehiatzeko hautatu dituen txirrindularien zerrenda. Europako Txapelketak urriaren 1etik 5era jokatuko dira, Drome-Ardechen. Gizonezkoen selekzioko seikotean Igor Arrieta txirrindulari uharte arakildarra dago, Juan Ayuso, Pablo Torres, Urko Berrade, Markel Beloki eta Abel Balderstonekin batera. Azken honek erlojupekoan parte hartuko du, urriaren 1ean (24 km).
Europako Txapelketa Drome-Ardechen erabakiko da. Gizonezkoen eliteen lasterketa urriaren 5ean jokatuko da, 202,5 km ditu, eta 3.300 m desnibel +. Lasterketa gorabeheratsua da, Col du Moulin a Vent, Saint Romain-de-Lerpos eta Val d´Enfer (hirutan) igo beharko dituztelako. Juan Ayuso da liderra, eta hura laguntzeko talde sendoa sortu du Valverdek, orain arte UAE Emirates taldean taldekide duen Igor Arrieta dagoela.